Image

Iñigo Ansola: 'Datozen proiektuek baldintzak betetzen baldin badituzte, ongi etorriak izango dira'

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, energia gutxiago kontsumitzen ari da: “Etxebizitzetan eta industrietan gasaren kontsumoa jatsi egin da, baina energia hidrauliko gutxi dagoenez, argindar asko sortzen da gasaren erabilerarekin, eta hor gorakada egon da”.

Ansolak nabarmendu du nahiago dutela Europar Batasunak zergen inguruan egindako proposamena: “Espainiako Gobernuak proposatzen duena da enpresen sarreren gaineko zerga jartzea, baina hori arriskutsua izan daiteke diru sarrerak zer-nolakoak izango diren jakin gabe; guk nahiago dugu irabazien gaineko zerga jartzea".

Ansolaren esanetan, kolaborazio publiko-pribatua behar da, eta bertako industriaren eta herritarren onurarako izan behar da sortzen den energia: “Guk parte hartzen dugun proiektuetan ezbairik gabeko baldintza da bertako proiektuak bertako kontsumo premiak asetzeko izatea". Zentzu horretan, gehitu du merkatuaren arauak aldatzen ez badira, “berdin” izango dela publiko edo pribatua izan: “Erakunde publiko batek etekinak baldin baditu diru hori erakunde publikoetara bueltatuko da, eta herritar guztiak izango gara onuradun; erakunde pribatua bada, diru-etekin hori enpresa pribatu horretako bazkideengana joango da”.

Statkraft enpresak aurkeztutako proiektuei buruz galdetuta, adierazi du proiektu guztiak “ongi-etorriak” izango direla energia kontsumo handia dagoelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, “baldintza guztiak” betetzen baldin badituzte, betiere.

Ansolak azpimarratu du energia berriztagarriak ahalik eta azkarren jarri behar direla martxan erregai fosilekiko dependentzia murrizteko, eta baita hidrogeno berdea bultzatzeko ere: “Energia berriztagarrien premia daukagu hidrogenoa bultzatzeko eta gure industria teknologia horretan ondo kokatuta egotea ere ezinbestekoa da gero mundu osora esporta dezagun”.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image