Image

Iñaki Barcena: 'Diplomazia ekologikoaren politikak oso eskasak dira, hobe COP27 bezalakoak ez egitea'

Iñaki Barcena Ekologistak Martxan taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Egiptoko COP27 bilkura izan du hizpide, eta nabarmendu du horrelako bilkurak “antzerkiak” izaten direla aurretiazko adostasunik lortzen ez bada: “Egipton ikusi dugu politikariak ez direla klima larrialdia demokratikoki konpontzen ari, eta ez direla horri aurre egiteko politikak adosteko gai”.

Barcenaren esanetan, trantsizio ekologikoaz eragile sozial politiko guztiek hitz egiten dute, baina dio kontua dela zer jartzen den horren atzean: “Guk aldarrikatzen dugu trantsizio ekologiko justua, demokratikoa eta jasangarria, ikusten dugulako gaur egun trantsizio ekologiko horretarako planteatzen diren irtenbideak ez direla batere onuragarriak eta bideragarriak”.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako ‘Hondakinen Plana’ izan du hizpide, eta dio Eusko Jaurlaritzak hondakinak kudeatzeko aurkezten dituen neurri guztiak “behin behinekoak” direla. Barcenak salatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gero eta zabor gehiago ekoizteaz gain, hondakin ugari inportatzen dela hainbat herrialdetatik, Frantziatik kasu, “zaborraren kudeaketa negozioa delako”.

Zentzu horretan, Barcenak azaldu du hondakina kudeatzeko azpiegiturak “presaka” egiten direla, eta teknikariek “beste aldera” begiratzen dutela: “Zubietako erraustegiaren aurkako mugimenduak salatu du ingurumen zerbitzuetako teknikariek ez dituztela gutxieneko segurtasun neurriak betetzen, eta onartzen dute onartezina dena; hori ikusten ari gara Zaldibarren eta Zubietan”. Dio teknikarien zeregina dela herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzea, baina ez dutela hori egiten.

Barcenaren esanetan, kapitalismo berdea “oximorona” da, eta zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du kontsumo eta produkzio ereduak aldatzea.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image