Imanol Karrera: "Greba bateratuen momentua da; egoera honetan ofentsiba sozio-sindikalak behar dira"

Imanol Karrera LAB sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Karrerak nabarmendu du kapitalismoaren "enegarren" krisia dela, eta adierazi du 10 urte hauetan ezarri den prekarizazioa "erabatekoa" dela. Zentzu horretan, adierazi du aurreikus daitekeela ondorio horietan sakonduko dela. 

Karrerak adierazi du enplegua suntsitzen ari direla: "Gaur egungo enplegua oso prekarioa da, eta lan baldintzek ez dute bizitza eta etorkizun duina bermatzen". Hori gehien sufritzen dutenak emakumeak, gazteak eta migratzaileak direla: "Horrek erakusten du beste politika batzuk egin behar direla". Era berean, adierazi du enpresek ezin dituztela langileak kaleratu diru publikoa jasotzen badute.  

Ostalaritzaren sektorea hizpide, LAB sindikatuko kideak azpimarratu du diru laguntzak ez direla sektore jakin batera edo enpresariengana bideratu behar. Hain zuzen, langileen lan baldintzak bermatu behar direla adierazi du.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuez mintzatu da, eta adierazi du gastua igo egin dela produktibitatearen kontzeptuari dagokionez. Hala ere, nabarmendu du aztertu behar dela gastu publikoa zertarako erabiltzen den. Zentzu horretan, adierazi du zerbitzu publikoak garatu behar direla, eta gaur gaurkoz, igo den gastu publikoa ez dela horretara bideratuko. 

Bide horretan, fiskalitate progresiboa ezarri behar dela adierazi du, eta Nafarroako Gobernuak "ateak itxi" dizkiola: "Nola garatuko ditugu zerbitzu publikoak dure diru sarrerak bermatzen ez baditugu?", galdetu du.

Espainiako Gobernuaren aurrekontuak hizpide hartuta, Karrerak adierazi du ez dela aldaketa "sakonik" etorrriko Paristik eta Madrildik, "estatalizazioa" dagoelako urte hauetako prekarizazio prozesuan. Hala ere, beren helburuak betetzeko ematen diren urratsak "ongi etorriak" direla adierazi du, eta Estatuko zenbait eragilerekin lanean ari direla helburuak erdiesteko; lan erreformaren indargabetzea, kasu.

Kalera ateratzeko beharra azpimarratu du behin eta berriz, eta zentzu horretan, greba bateratuak egiteko momentua dela azpimarratu du: "Egoera honetan ofentsiba sozio sindikalak behar dira; mobilizazio eta greba bateratuak eremu guztietan egiten baditugu, aurrerapausoak lortuko ditugu agenda instituzional eta politikoan". 

Zentzu horretan, adierazi du ELAren eta LABen arteko harremana ez dagoela "bere hoberenean", eta onartezintzat jo du adinekoen egoitzetan azaroaren 17an aldebakartasunez greba deitu izana. Hala ere, adostasunak lortzeko lan egingo dutela nabarmen du: "Egoerak eta langileek hori eskatzen dute, eta gure ardura da".

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image