Skip to main content

Gotzon Barandiaran: 'Euskal kulturzaleak sortu nahi ditu Sormenek'

Elkarrizketa

Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko borondatea dauka Sormenek, Galdakaotik Euskal Herri osoarentzat. Aurten bigarren edizioa ospatuko da azaroaren 16tik 21era; 2021. urtean jaio baitzen, pandemia betean eta osasun neurriak tarteko. Helburua berdina izaten jarraituko du; sormena sustatzea modu "integral" batean, "plazak eskaintzea" euskal kulturgintzari, hedabideekin lan egitea eta "transmisioa bermatzeko ahaleginean laguntzea".

Barandiaranek azaldu duenez, "pandemiak oso kolpe gogorra eman dio euskarari eta euskarazko kulturgintzari"; euskarazko kulturgintzak "plaza asko" galdu dituela nabarmendu du, "agian inoiz berreskuratuko ez direnak". Pandemiaren eraginez transmisioaren etenean "sakondu" egin dela azpimarratu du Barandiaranek eta hori iraultzeko asmoa du egitasmoak.

Euskarazko kultur adierazpideak aintzat hartuko ditu euskal sorkuntzaren Galdakaoko plazak; literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak... Barandiaranekin batera egin dugu aurtengo programazioaren errepasoa. Osorik kontsultatu dezakezue www.sormene.eus atarian.

Euskal kultura eta euskal sortzaile eta kulturgileak ditu ardatz Sormenek; eta proiektuaren bereizgarria da emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzeko premia, "gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzeko", dio Barandiaranek eta noizbait hura azpimarratzeko beharrik ez izateko desioa agertu du.