Skip to main content

Gorka Orive: "Nahiz eta birusa gainditu, bariante berriek berriro infekta gaitzakete"

Elkarrizketa

Gorka Orive EHUko farmazia katedraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Farmazialariarekin aztertu ditugu egoera okertzeko arrazoiak zeintzuk izan diren; adierazi du Gabonen testuinguruan erlaxatu egin direla "elkar erlazionatzeko estrategia prebentiboak", eta horretaz gain, kutsakorragoak diren bariante gehiago daudela azpimarratu du.

Neurri murriztaile gehiago hartu behar diren galdetuta, nabarmendu du "zaila" dela horri erantzutea; izan ere, nabarmendu du kontuan hartu behar dela neurri horiek bestelako zein eragin dituzten. Txertaketa kanpainaren estrategia izan du hizpide farmazialariak, eta nabarmendu du "zentzua" duela pertsona bakoitzaren bi dosiak ziurtatzeak, "Modernak eta Pfizerrek bidali behar dituen dosiak ez baditu ziurtatzen".

Hala ere, azpimarratu du hurrengo aste eta hilabeteetan kanpainaren erritmoa azkartzea "espero" duela, ailegatuko diren txerto gehiagorekin. Noizbait birusarekin infektatuta egon diren pertsonen txertaketa beharrezkoa den geldetuta, nabarmendu du iritzi ezberdinak daudela zientzialarien artean: "Batzuk esaten dute ona dela txertatzea erantzun inmunologiko gogorrago, sendoago eta iraunkorragoa lortzeko". Zentzu horretan, azpimarratu du birusarekin infektatu diren pertsonek sortzen duten erantzun inmunologikoa oso ezberdina dela: "Ezberdina da asintomatikoa izatea, edota Covid19arekin oso larri ospitalean egon izana. Txertoen bitartez dosi berdina transmititzen da, eta aktibatzen den erantzun inmunologikoa nahiko homogeneoa da gutxigorabehera".

Hala ere, azpimarratu du txerto bidezko inmunitatea ez dela bat batekoa: "Orain arteko txertoek bi injekzio behar dituzte, lehengo bata, bigarrena 2-3 aste pasa ondoren, eta agian, 15 bat egunera, erantzun inmunologiko bat sorraraz dezake". Hala ere, ohartarazi du txertoek ez dutela "inolaz ere" %100eko eraginkortasuna: "Agian proportzio txiki bat egongo da erantzun inmunologiko hori piztu ez dutenak".

Era berean, Orivek azpimarratu du talde inmunizazioa "era naturalean" lortzeko estrategiak ez duela inolako zentzurik: "Horrek eragiten duen bakarra heriotza gehiago, eta osasun sistemaren presioa igotzea da". Zentzu horretan, adierazi du nahiz eta birus honen aurkako erantzun inmunologiko natural bat izan, bariante berriek berriro infekta ditzaketela herritarrak.

Arrisku faktore arriskutsuenak gizonezkoak, 65 urtetik gorakoak, eta obesitatea dutenak direla azaldu du. Hala ere, adierazi du emakume gazteak direla, esaterako, nekealdiak, arnasteko arazoak, muskuluetako minak, pentsatzeko zailtasunak edota neke psikologikoa gehien jasaten dutenak: "Gero eta gehiago dira covid 19 luzea jasaten dutenak; ia gaixotasun kronikoa izan daiteke", ohartarazi du.