Skip to main content

Garbiñe Manterola: 'Greenwashinga ekiditeko tresna da taxonomia berdea'

Elkarrizketa

Garbiñe Manterola BRTAko transferentziaren arduraduna eta EBko Finantza Jasangarrietarako Plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Ukrainako gerrak krisi edo gerra energetikoa ere ekarri du, eta tentsio geopolitikoak gure egungo eredu energetikoaren egitura ahula erakusten ari dira. Errusiako gasarekiko menpekotasuna murriztu nahi du EBk, baina ez dirudi deskarbonizaziorako apustu sendorik dagoenik. Luzera begirako estrategia dela azaldu du Garbiñek, eta 2050erako ingurumenarekiko errespetuzko gizarte bat nahi badugu aktibitate ekonomiko jakin batzuk izan beharko ditugula.

Taxonomia berdea "zuriketa berdea ekiditeko tresna" dela azpimarratu du; euren aholkularitza zientifikoaren bitartez, berde etiketa izateko baldintza batzuk bete behar baitira. Gasa eta energia nuklearra zerrenda horren parte dira EBk hala erabakita eta Finantza Jasangarrietarako Plataformako ohartarazpenak jarraitu gabe. Dena den, trantsiziozkoak direla nabarmendu du Batzordeak.

Krisi klimatikoaren aurrean "erabaki bakoitza" garrantzitsua dela uste du Manterolak. Izan ere, hamarkada honetan "bidegurutzean" gaudela dio, eta testuinguru honetan zientzia eta teknologiak, administrazio publikoak, enpresek eta gizarte osoak "paper berezia" dugula nabarmendu du.