Skip to main content

Garbiñe Aranburu (LAB): "Enplegu suntsiketari aurre egiteko ezinbestekoak dira mobilizazio sozial orokorragoak"

Elkarrizketa

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Aktualitateko hainbat gai izan ditu izpide Aranburuk. Langabezia datuak erreparatuz hasi da elkarrizketa, hainbat enpresek aurrera eramandako edo iragarritako langile kaleratzeen atzean egungo lan harreman eredua dagoela salatu du “kaleratzeak libreak bilakatu dira”, eta behin-behinekotasun tasa handiekin, “erabi eta bota daitezkeen langileak” daudela salatu du, enplegu suntsiketa handiarekin. Politika publikoak ere mahai gainean jarri ditu idazkari nagusiak. “Langileak kaleratzea oso erraza da”, eta Jaurlaritzarik ez dagoela “inolako” planik salatu du, ertzaintzaren jarrera “oldarkorra” ere salatu du, mobilizazioetan zehar “behin baino gehiagotan” jarrera horiek ikusi direla kritikatu du.

Langabeziari aurre egiteko formula argi du Aranburuk, “mobilizazio sozial orokorragoak behar dira”, enpleguari eusteko “harresi sindikal eta soziala” sortzea beharrezko ikusten du; asteburuan Gasteizen izandako mobilizazioak jarri ditu adibide gisa, eragile desberdinek bat egindakoa.
Emakumeen artean “prekarietate tasa altuagoa” dela azaldu du, eta azkar suntsitzen den enpleguak “emakume eta gazte aurpegia” duela esan du.

Bien bitartean, ERTEak luzatu dira maiatzaren 31ra arte, Aranbururen ustez, enplegu suntsiketa horretan koltxoi minimo bat izaten ari dira baina “inolaz ere” ez dutela enplegua bermatzen adierazi du.

Bi lehe berri egiteko proposamenak aurkeztuko dituzte; Euskal Herrirako lan-kode bat eta gizarte segurantzako sistema propio baten aldeko aldarrikapena. Horrekin “Madrilen egon daitezkeen erreformei egon gabe ardatza Euskal Herrian jartzea eta marko propioa sortzea” dute helburu.

Lan istripuen kausa bezala prekarietatea eta prebentzio neurriak ez betetzea aipatu ditu, eta Administraziotik lan heriotzak ekiditeko ez dagoela “inolako urratsik” kritikatu du Aranburuk; “indarkeria patronala da, eta heriotza horiek ekidin zitezkeen”. Hildo berdinean lan gaixotasunak azpimarratu ditu, “lan istripuek baino hildako gehiago sortzen dituzte”.

Prebentzio neurriei dagokionez, enpresetan ordezkaritza sindikala dagoen lekuetan “hobekuntza” egon dela azaldu du, baina lan-eremuan kutsatzeak daudela nabarmendu du, nahiz eta “ikerketarik ez diren egiten”.

Zaintzaren gaineko gogoeta sakona egiteko ordua dela adierazi du Aranburuk; “zaintza zaindu” leloa nabarmendu du; “behar duten aitortza ez zaio ematen emakumeek betetzen dutelako”. Zaintzan dauden langileak zaindu, lan baldintzak hobetu eta publifikazioa aldarrikatzen ditu, hala nola eredu derberdina erabakitzeko beharra, sindikatu, langile eta egoiliarrekin era bateratuan hartu beharreko erabakia, dio.

Osasungintza publikoak azken urteetan “murrizketak izan ditu”, langileen lan karga eta ezegonkortasuna iraultzeaz gain, aurrekontuetan osasungintza publikora bideratutako inbertsio publikoa handitzea eskatu du Aranburuk. Hala ere, pozik agertu da “herriaren aldetik erantzun soziala agerikoa delako”.

Aranbururen ustez, aurtengo aurrekontuek “orain arteko politika neoliberal berdinetan sakontzeko erabakia dago”, Patronalaren aginduak “hitzez hitz” betetzen dituela, zorpetzea handiagoa dela eta etorkizuneko murrizken arriskua dagoela, diru publiko gehiago enpresa pribatuen eskutan jartzen dela “inolako kontrolik gabe”, eta enpleguaren defentsako aldarrikapenentzat lekurik ez dagoela, babes sozialera bideratutako diru-partida aurreko urtekoaren “ia berdina” dela seinalatu du.

Europako Funtsen inguruan, “ez daude pentsatuak zerbitzu publikoak indartzeko, enplegu prekarietatearekin amaitzeko....baizik eta multinazionalen eskutan dirua jartzeko eta trantsizio ekologikoaren kontzeptua manipulatuz Iberdrola edo Petronor bezalako enpresetara dirua bideratzeko”.

Funts horien erabilpena “datozen urteetako politika publikoak eta herritarern bizitzak baldintzatuko ditu” eta kudeaketa horren aurrean parte hartze soziala eskatzen du: “datozen urteetako herritarron bizitza baldintzatuko dute eta erabakiak ezin dira hartu herritarron bizkarrean”.