Skip to main content

Eneko Calle, Foro Soziala: "Memoria inklusiboa lantzeko adostasunak badaude"

Elkarrizketa

Eneko Calle Foro Sozialeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. 10 urte hauetako ibilbidea izan du hizpide, eta nabarmendu du “aurrerapauso handienak ETAren armagabetzea eta desegitea, eta presoen eta biktimen auzian emandakoak” izan direla. Horrez gain, gehitu du “konfiantza eta adostasun berriak” sortu dituztela urte hauetan.

Ibilbide “gogorra” izan dela dio, eta aipatu du lehenengo urteetan “blokeo anitzeko prozesua” bizi izan zutela: “Madrilgo Gobernuak politika oztopatzaileak zituen, eta horrek ez zuen batere laguntzen”. Gehitu du Foro Sozialaren “zilegitasuna” handitu egin dela, baina “askotariko presioak” jasan dituztela: jarraipenak, entzuteak, bileren eta akta batzuen filtrazioak, etab. Hori horrela, uste du “etapa berri” baten hasiera dela, eta horrek “tresna berriak” behar dituela.

Urte hauetan egindako hainbat ekimen izan ditu hizpide, biktima ezberdinen artean egindako topaketak eta sufrimenduaren kartografia integrala, besteak beste, eta nabarmendu du “bizikidetza demokratikoa” eraikitzen lagundu dutela horiek guztiek. Horrez gain, gehitu du “neurri publikoak” behar direla biktima askoren “mina sendatzeko”, eta horretarako, egia eta erreparazioa garrantzitsutzat jo ditu. Horrez gain, azpimarratu du Estatuko biktimek jasaten duten diskriminazioa gainditzeko bidea geratzen dela.

“Oztopo handiena memoriaren arloan” dagoela dio; hala ere, nabarmendu du horren inguruko hainbat adostasun ere lortu dituztela hainbat gizarte eragilek: “Errelato bakarraren ideia agortuta dagoela, errelatoak eta kontakizunak inklusiboak izan behar dutela, errelato guztiak entzun beharra daudela, edota errelato horiek iraganaren begirada kritikoa izan behar dutela”. Hori horrela, adierazi du “memoria inklusiboa” lantzeko “adostasunak” badaudela, eta hori eraikitzeko “aldeko testuingurua” dagoela. Horren erakusle aipatu du Foro Sozialak “balioetsi” egin duela Eusko Jaurlaritzak argitaratutako ‘Begiradak’ txostena. Hala ere, dio Sekretu Ofizialen Legea “aldatu” egin behar dela aurrera egiteko.

Foro Sozialak bere ibilbidea amaitutzat eman arren, nabarmendu du jendarteak akibatzen jarraitu behar duela politikagintzan zein arlo judizialean aldaketak eragiteko: “Herri eragileok bide hau osatzen jarraituko dugu”.
Ibilbideari amaiera emateko, martxan jarritako prozesu batzuk “itxiko” dituzte, eta martxoaren 17an eta 18an egingo dute VI. eta “azken” Foro Soziala.