Eneko Andueza: "Presoen ongi etorriak espazio pribatuan egin behar dira elkarbizitza sendotzeko"

Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Anduezak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "demostratu" duela badituela tresnak pandemiari erantzuteko: "EH Bilduren estrategia da Madrilen eta Euskadin jarrera ezberdina izatea", nabarmendu du.

Transferentzien eskumenez galdeta, Anduezak azpimarratu du Espainiako Gobernuak "borondate politiko osoa" duela Gernikako Estatutua betetzeko. Corrugados enpresarekin lotutako auziaz hitz egin dugu, eta azpimarratu du "arazon urbanistiko eta juridikoak" baldin badaude, legeari "eutsi" behar zaiola: "Ez dago beste bueltarik", nabarmendu du.

Espainiako zenbat alderdiren jarrerari erantzunez, Anduezak nabarmendu du beraiek "beti" egongo direla "biktimen aldean", "beraiek" ere "biktima" izan direlako. Zentzu horretan, azpimarratu du inork ez liekeela beraiei "leziorik" eman beharko. Era berean, presoen "ongi etorrien" aferari erantzunez, Anduezak dio "normala" dela preso baten senideek bere etorrera "ospatu" nahi izatea. Hala eta guztiz ere, nabarmendu du "espazio pribatuan" egin beharko liratezkeela, "elkarbizitza sendo" bat sortu nahi baldin bada.

Tortura hizpide izan du Anduezak, eta nabarmendu du Justiziari "bere lana egiten utzi" behar zaiola lehenengo, eta horren ondoren, Espainiako Gobernuak "egin beharrekoa" egin behar duela. Nabarmendu du berak ez duela bigarren eta lehen mailako biktimen arteko "alderaketarik" egiten: "Erreparazioa eta egia" zor zaizkie.

Madrilgo lurrikara polikoari dagokionez, Anduezak adierazi du gobernuaren egonkortasuna "funtsezkoa" dela, eta zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak "lasai" egon daitezkeela nabarmendu du: "Legegintzaldia amaituko dugu, ez daukat inolako zalantzarik".

Abiadura Handiko Trenaren proiektua izan du hizpide Anduezak, eta adierazi du "arazo teknikoak normalak" direla horrelako proiektuetan. Halaber, Araban, Bizkaian eta Gipuzikoan txartel bakarra "posible" izango dela dio.

Kataluniako Gobernua osatzeko negoziazioak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Espainiako Gobernuak "erakutsi" duela "elkarrizketarako prest" dagoela.

Egoera epidemologikoari dagokionez, datozen oporretan "erantzukizunez" jokatzeko deia egin du, Gabonen ondorengo egoera errepikatu ez dadin.

Zerikusia duten artikuluak