Skip to main content

Unai Urruzuno: 'Burujabetza erabat mutilatua dago Espainiaren estatu antidemokratikoaren eskuetan'

Elkarrizketa

Unai Urruzuno EH Bilduko mahai politikoko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gernikako Estatutua izan du hizpide, eta nabarmendu du 43 urte geroago, burujabetza oraindik ere herri honetan “erabat mutilatua” dagoela, eta “Espainiako Estatu antidemokratikoaren eskuetan”.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak botere judizial propioa aldarrikatzeari erantzun dio EAJ izan zela EH Bilduk hori eratzeko egindako proposamenari ezezkoa eman zionetako bat. Era berean, salatu du EAJk burujabetzaranzko bidearen “errenuntzia” egin duela: “EAJk gobernu bat dauka alderdi sozialistarekin eta sozialistek askotan esaten dute beraiek direla erantzule EAJk bide horri ekin ez diezaion, eta aitortu behar zaio horrela dela”.

Aurrekontu proiektuaz galdetuta, Urruzunok nabarmendu du orain arte ez dutela hori negoziatzeko espaziorik izan, eta hori izaten dela “askotan ondorengo elkarrizketarako borondatearen erakusle”. Herri itunak lortzeko prestutasuna adierazi du Urruzunok, baina nabarmendu du aurrekontuen aprobazioa ez dutela herri ituntzat jotzen, “are gutxiago gehiengo osoko gobernu baten aurrean, aurrekontuak onartzeko inolako zailtasunak ez dituena”.

Fiskalitateari buruzko eztabaida Europa osoan zabalik dagoela dio, baina salatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dela eztabaida hori zabaldu nahi. Horrez gain, nabarmendu du soldata igoerarik gabe deflaktaziorako neurriak hartzea “hutsala” dela, eta ez diola “arazoaren muinari erantzuten”.

Energia sektorea izan du hizpide, eta iragarri du EH Bilduk bere estrategia propioa aurkeztuko duela azaroan, eta horrek bi hanka izango dituela: “Energiaren murriztea eta berriztagarrien aldeko apustu sendoa”. Statkraftek aurkeztutako proiekturi dagokionez, nabarmendu du proiektu horrek “erabateko talka” dakarrela oraingo ereduarekin: “Badago aukera jabego publiko-pribatua erdigunean jartzeko, komunitatea eratzeko, energiaren prezioa jaistekoa, eta bataila hori jarri behar da mahai gainean. Gaur egungo eredua irauli egin behar da eta horrek eskatzen du sektore energetikoan esku hartzea”.

Madrilgo jardunbideaz galdetuta, nabarmendu du Madrilen “agenda propioa” dutela Euskal Herrirako, eta “taxuzko neurriak” lortzen saiatuko direla herritarren eta langileen bizi baldintzak hobetzeko. Zentzu horretan, nabarmendu du Madrilgo beren jardunbide politiko-instituzionala “erabat taktikoa” dela. Gehitu du ultraeskuina geratzeko errezeta dela ezkerrak benetako “alternatiba eraldatzailea” abian jartzea.