Image

Juan Mari Aburto: 'Merkatariei lagundu nahi diegu Alde Zaharrera autoak ez sartzeko neurrien malgutzearekin'

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Berriz ere Bilboko alkategaia izateko erabakia “pozik, ilusioz eta erantzukizunez” hartu duela adierazi du.

Mugikortasunaren arloari dagokionez, Alde Zaharreko autoen mugikortasuna arintzeko neurriez galdetuta, adierazi du beren helburua gune hori babestea dela; hala ere, nabarmendu du gune komertziala dela, eta beren xedea ere badela bertako merkatariei laguntzea eta bultzada ematea.

Hurrengo urteko aurrekontuak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du finantzen kontseilua bildu arte itxaron behar dutela jakiteko zeintzuk izango diren hurrengo urteko diru sarrerak. Hala eta guztiz ere, aurreratu du beren lehentasuna izango dela “arriskuan dauden pertsonei arreta ematea” larrialdiko zein udalean martxan dauzkaten bestelako laguntzekin.

Era berean, gehitu du kultur bonoak atera dituztela kultur arloari bultzada emateko: “Kultura oso garrantzitsua da Bilbon, eta bono horiek izugarrizko bultzada emango diote gure kulturari”. Zentzu horretan, nabarmendu du beren helburua dela Bilbon kultura presente egotea “urteko 365 egunetan Bilboko auzo guztietan”.

Bilboko egoera ekonomikoaz galdetuta, nabarmendu du Bilbok “izugarrizko erakargarritasuna” duela, eta horren erakusle dela enpresak Bilbora etortzea: “Martxan ipini dugu Bizkaiko dorrea, eta ikusi dugu segituan bete dela; enpleguaren egoera gero eta hobea da”. Nolanahi ere, adierazi du “ziurgabetasun handiko” garaia dela, eta “prest” egon behar dutela egoerari aurre egiteko: “Uste dugu Bilboko finantzak nahiko onak direla egoera horri aurre egiteko, baina ikusi behar dugu nolakoak diren datozen hilabeteak”.

Horrez gain, Bizkaia Dorreko BATekintzailetza-zentroan lau pisu gehiago jarriko dituztela iragarri du, eta azpimarratu du horrek garapen ekonomikoa eta talentua ekarriko duela. Zentzu horretan, dio garapen ekonomikoa eta gizarte kohesioa “txanpon beraren bi alde” direla. Era berean, gehitu du plan estrategikoa martxan dutela Bilboko merkatariei laguntzeko.

Mugikortasunari dagokionez, adierazi du igoera nabaritzen dutela BilboBusen. Aburtok nabarmendu du garraio publikoa bultzatuko dutela, eta Metroko 4. linearen proiektuaren aldeko apustua egingo dutela.
Bilboko segurtasuna izan du hizpide, eta nabarmendu du “baliotzat” jo dutela aniztasuna: “Gero eta anitzagoa izango da hiria, eta pertsona ezberdinen arteko elkarbizitza da gure helburua”. Hori horrela, adierazi du 25 neurriko segurtasun hitzarmena dutela, eta neurri guztiak martxan daudela; gehitu du, baita ere, gero eta polizia gehiago dagoela Bilboko kaleetan.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image