Skip to main content

Bingen Zupiria: 'EH Bilduk badaki aurrekontuetan planteatu dituzten gai asko ez daudela gure esku'

Elkarrizketa

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du “EH Bilduk badakiela beren botoak ez direla beharrezkoak aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta bere kalkulu politikoan interesgarriagoa dela Jaurlaritzaren aurrekontuak ez babestea”.

Zentzu horretan, Zupiriak zehaztu du EH Bilduk adierazi duela “erabaki estrukturalak” hartu behar zirela, baina dio “beraiek planteatu dituzten gai horietako asko ez daudela ez Eusko Jaurlaritzaren, ez eta Legebiltzarraren esku ere”.
Espainiako Gobernuarekin kontzertu ekonomikoari buruz sinatutako akordioa izan du hizpide, eta “garrantzitsutzat” jo du “datozen bost urteetarako autogobernuaren finantzazioari lotutako egonkortasuna eta iraunkortasuna” dakarrelako. Era berean, gehitu du akordio horrek erakutsi duela “alde bien arteko akordioak behar direla, eta aldebikotasunaren bermea eduki behar duela edozein erabakik”.

Usansolo Bizkaiko 113. herri bihurtzeaz ere hitz egin du, eta nabarmendu du Aldundiek eta Batzar nagusiek bidea eman diotela Usansoloko herritar askok planteatutako eskaerari: “Orain ikusi beharko da legezko bermerik ba ote dagoen hartutako erabaki hauekin aurrera jarraitzeko; orain arteko pausoak eman dituztenek uste dute baietz”.

Espainiako Gobernuaren ‘Bai soilik da baietz’ legeak eragindako polemikaz galdetuta, nabarmendu du “eskertzekoa izango litzatekeela fiskaltzak zein epaileek irizpide batzuk finkatzea”. Era berean, hainbat euskal presori gradu progresioak baliogabetzeaz hitz egin du, eta nabarmendu du legeak ez duela “berez” jasotzen barkamena eskatu behar dutenik, baina nabarmendu du “ez dagoela zalantzarik egoera konplikatu hauetan dauden preso askok beren esku edukiko luketela beren adierazpenak oso argi uztea”.
Euskaraldiari dagokionez, ariguneetan jarri du fokua, eta nabarmendu du garrantzitsuena dela Euskaraldia amaitu ondoren arigune horiek euskararen erabilera areagotzeko baliatzea. Nabarmendu du ez datorrela guztiz bat euskararen erabilera behera egiten ari den baieztapenarekin, eta dio garrantzitsuena dela euskararen arnasguneen inguruetako udalerrietan euskararen erabilera handitzea.

Ikus-entzunezkoen sektoreko eskaintza “erraldoia” dela adierazi du, eta hori euskaraz edukitzea “ametsa” dela dio: “Pentsatu beharko genuke ongi nola kokatu behar dugun ikus-entzunezkoen munduan; euskaraz sortutako produktuen eta euskarazko azpidatzien alde egingo nuke bikoizketaren alde baino gehiago”.

Hainbat epaitegik hizkuntza eskubideen aurka hartu dituzten epaiez galdetuta, nabarmendu du gaia “pixka bat bere onetik aterata” dagoela: “2-3 epai horiei begiratu baino nahiago nuke duela 40 urte onartutako Euskararen Legeak administrazioetan eragin dituen erabakiak, eta aurrerapausoak nabarmentzea”.