Skip to main content

Arrate Illaro: "Euskaraldiaren bigarren edizioaren balorazio positiboa egiten dugu"

Elkarrizketa

Arrate Illaro Euskaraldiako koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Balorazioa positiboa dela adierazi du, eta azpimarratu du borondatezko lan "ikaragarria" egin dela herriko batzordeetan. Nabarmendu du konfinamendu hasi zenean "krisi" momentua igaro zutela, baina "argi" ikusi zutela ariketa egin "beharra" zegoela. Herritarrek oso ondo erantzun dutela azpimarratu du.

Pandemia egoeran harreman sozialak egiteko zailtasunak izan dituztela adierazi du, eta zentzu horretan, oraindik herritar gehiagorengan iristeko marjina dagoela: "Gure inguruan ahobizi eta belarriprest gehiago baldin baditugu, erasoago, ahaldunduduago, lotsa gutxiagorekin...egin dezakegu ariketa", adierazi du. 

Ariketa egiteko egunak garrantzitsuak direla adierazi du, baina are garrantzitsuagoa dela biharamuna: "Ariketa bukatu eta hurrengo eguna garrantzitsua da, egun hauetan apurtutako inertzia horiek ahalik eta denbora gehien iraun dezaten", nabarmendu du. Zentzu horretan, txapa horrek 15 egunetan eman dituen aukerei "eusteko" beharra nabarmendu du: "Gure eskubide bat da, eta txapak eman digun ahalduntze horri eutsi behar diogu".

"Lanean jarraitu behar dugu"

Euskarazi bizitzeko hutsune nagusienak arlo sozioekonomikoan, aisialdian eta eremu digitalean daudela adierazi du Illarok; hala ere, administrazio publikoan edota hezkuntzan lan handia dagoela azpimarratu du: "Lan egin beharko dugu espazio horietan ere euskaraz bizi ahal izateko".

Gazteen euskara erabileraz galdetuta, adierazi du hezkuntza ez dela nahikoa eta gazteek espazioak behar dituztela euskaraz aritzeko: "Euskaraldiaz harago, bestelako dinamikak behar ditugu". Hala ere, azpimarratu du "askotan" gazteengan jartzen dela "fokua", baina badaudela bestelako sektoreak ere. Adibide bat jartzearren, udalerri euskaldunetan helduen euskara erabilerak kezka handia sortzen duela adierazi du. 

Euskaraldian zein Durangoko Azokan komunitate eta herri gogoa badagoela ikusi dela azpimarratu du: "Horri eusten badiogu, aurrera egingo dugu".