Skip to main content

Arantxa Tapia: 'Ez da egoerarik errazena Alemanian Mercedesen negoziaketari ekiteko'

Elkarrizketa

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Mercedes-Benz enpresak sinatutako hitzarmenaren eta Mercedes Taldeak Gasteizko lantegian 1.200 milioi euroko inbertsioa egingo duela iragarri ondoren, EAEn egoitza duten multinazional alemaniarrekin bilduko da datorren astean Arantxa Tapia, Alemanian bertan. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izango da bileran. Misio instituzional-enpresarialaren helburua Mercedes-Benz edo Bayer bezalako enpresekin harremanak sendotzea eta fidelizatzea da.

Azaldu duenez, auto elektrikoari eta etorkizuneko garapenari lotutako proiektua ari dira lantzen Mercedesekin, "gure ikuspegitik zein laguntza mota eman dezakegun eta lankidetzan nola aritu gaitezkeen aztertzeko bilduko gara". "Hornitzaileentzako aukera da auto elektrikoaren munduan sartzeko, etorkizunera leiho bat irekitzen du orokorrean" gehitu du.

Berebat, multinazionalak behin-betiko erabakia udararen bueltan hartzea espero dela azaldu du, “lortu behar dena da gauzatu dadila inbertsio hau eta proiektu berri hau”.

Horrez gain, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen egoeraz, trantsizio energetikorako gakoez eta Europako Funtsez ere aritu da Tapia.