Skip to main content

Ana Viñals, Ahal Dugu: 'Trantsizio energetikoaren oinarriak justizia soziala izan behar du'

Elkarrizketa

Ana Viñals Bilboko Udaleko Elkarrekin Podemoseko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Trantsizio energetikoa izan du hizpide, eta nabarmendu du justizia sozialak izan behar duela trantsizio ekologikoaren oinarria. Era berean, testuinguru ekonomikoari dagokionez, nabarmendu du 22.000 pertsona daudela langabezian Bilbon, eta neurriak hartu behar direla udaletik ere. Zentzu horretan, inflazioari aurre egiteko kurtso osoan eskolako materiala erosteko laguntzak emateko eskatu dute Elkarrekin Podemoseko kideek, eta emergentzia sozialerako neurriak indartu behar direla azpimarratu du. Hain zuzen, Viñalsek ezinbestekotzat jot du osasun publikoa indartzea eta auzoetako lehen arretako zerbitzuak indartzea: “Krisiak aprobetxatu egin behar dira dauzkagun energia, hazkuntza eta osasun ereduari buelta bat emateko”. Hori horrela, azpimarratu du prezioen gorakadari aurre egiteko neurri “ausartenak” Madrilgo koalizio gobernuak hartu dituela, eta Elkarrekin Podemoseko kideek “behin eta berriro” planteatu dituzten neurriak direla.

Etxebizitzaren sektorearen egoera “larritzat” jo du, eta hainbat neurri proposatu ditu egoerari aurre egiteko: alokairuen prezioa mugatzea, udaleko etxebizitzen parke publikoa indartzea eta etxebizitza turistiko ilegalen aurka borrokatzea, besteak beste.

Era berean, nabarmendu du Bilboko udal gobernuak ez duela “serio” hartzen emergentzia klimatikoa. Zentzu horretan, adierazi du energia arloan, jasangarritasunarekin lotutako hainbat neurri proposatu dituztela, baina udal gobernuak ez duela neurririk hartu.

Udako jaietan gertatutako ziztada kasuak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du ziztada kasuen helburua emakumeak beldurtzea dela. Zentzu horretan, nabarmendu du azken urtean %30 igo direla indarkeria matxista kasuak, eta prebentzio neurriak hartu behar direla horiei aurre egiteko.
Turismoa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Bilbok “dependentzia handia” duela atzerritarren turismoarekiko. Horren aurrean, “eredu lokala” sustatu behar dela dio, eta turismo eredua aldatu behar dela.

Azpimarratu du udal gobernu honi ez diola “legatu argirik” ikusten. Hori horrela, legegintzaldi honetako erronka nagusitzat jo ditu emergentzia klimatikoari aurre egitea, arlo soziala indartzea eta etxebizitza arloa: “Jarraituko dugu lanean azken urte honetan ahalik eta onura gehien ateratzeko”.