Ana Perez: "Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da ratioak jaistea"

Ana Perez Steilas sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak hezkuntzan izan duen eraginaz galdetuta, Perezek nabarmendu du ikastetxeetako langileen eta familien inplikazioa ezinbestekoa izan dela aurrez aurreko hezkuntzari eusteko. Zentzu horretan, Perezek adierazi du eskola oso gutxi itxi dituztela osorik, eta Judimendiko ikastetxeko egoeraz galdetuta, Perezek adierazi du baheketa oroko bat egiteko eskatu zutela, baina ez zela behar bezala egin.

Txertaketa plana ere izan du hizpide, eta azpimarratu du txertaketa plan orokorra eskatzen dutela. Lortzen ez den bitartean, ordea, gutxienez kolektibo batzuk (garbitzaileak, jantokietako langileak...) lehentasunez txertatzea eskatzen dute.

Sindikatuko kideak adierazi du baliabide gehigarriak ailegatu direla, baina ez direla nahikoak izan: "Langile asko beren poltsikotik ari dira maskarillak erosten". Era berean, ratioak ez direla aldatu dio, eta horrek zaildu egiten duela distantziak-eta mantentzea. Hala ere, azpimarratu du hori beren aldarrikapen historikoa dela: "Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da ratioak jeixtea eta plantillak handitzea".

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak "eskasak" direla nabarmendu du, eta hezkuntza publikora zuzendutako partidak blindatuta egon beharko luketela dio. Era berean, Barne Produktu Gordinetik hezkuntzara zuzendutako diru partida handitu egin beharko litzatekeela adierazi du.

Segregazioa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du hezkuntza osoa doakoa izan balitz, ez litzatekeela segregaziorik izango: "Zentroa aukeratzeko eskubidea maila sozio-ekonomiko altuko jendeak dauka", adierazi du. Era berean, adierazi du ikastetxe batzuk A eredua soilik eskaintzen dutela oraindik, eta hizkuntza ere sektore segregatzailea dela dio.

Pentsioen borrokaz galdetuta, irakasle guztiok 60 urterekin jubilatu ahal izatea eskatzen dutela adierazi du. Hezkuntza Legea aldatzea baino, betetzea garrantzitsuagoa dela dio: "Hezkuntzaren Legea aldatzea alferrikakoa da baliabideak jartzen ez badira", gehitu du.

Zerikusia duten artikuluak