Skip to main content

Almudena Otaola: "EH Bilduk EAJren bidea jarraitu du Madrilen"

Elkarrizketa

Almudena Otaola EAJko senataria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Espainiako Aurrekontuak hizpide, Europako funtsak garrantzitsutzat jo ditu: "Zer gertatuko da Europako funts hauekin? Nola banatuko dira? Oso partida garrantzitsuak dira". 

Eskumenen transferentzien egutegiaz galdetuta, Otaolak nabarmendu du eskumenak Gernikako Estatutuan daudela. Transferentzia gauzatzeko falta direnak baliabide ekonomiko eta pertsonalak direla adierazi du, eta "lotsagarritzat" jo du horrela ibiltzea.

Dieselaren zerga hizpide izan du, eta EAJko senatariak adierazi du hori oso kaltegarria dela autonomozio sektorearentzat. Zentzu horretan, nabarmendu du ez daudela ados zerga horrekin, eta negoziatzen ari direla: "Zerga hori ezin bada bertan behera utzi, saiatuko gara irtenbideak lortzen".

Otaolak nabarmendu du EAJk azken 40 urteetan egin duena egiten ari dela EH Bildu: "Gure bidera etorri da; oso ondo iruditzen zaigu, baina onar dezala guk egin duguna izan dela egokia". Era berean, galdetu du zein den Nafarroako eta EAEko aurrekontuen arteko aldea: "Nik bakarra ikusten dut: EAJ gobernuan dagoela".

Espainiako Gobernuari Euskaraldian parte hartzeko deia egin diotela adierazi du Otaolak, eta Espainiako Gobernuari eskatu diotela errespeta ditzala hizkuntza eskubideak bere zerbitzuetan: "Lortu dugu PSOEren konpromisoa, eta ikusiko dugu nola euskalduntzen dituen haien zerbitzuak". Era berean, genero ikuspegia oso garrantzitsua dela adierazi du: "EAJk oso argi eduki du beti genero ikuspuntua sartu behar dela leku guztietan, eta horrela jarraituko dugu". 

Espainiako Kongresuko alderdi politikoen jarreraz galdetuta, nabarmendu du VOXek ez duela politika egiten: "Beren minutuak betetzen dituzte edozer gauza esanez, berdin diete zeri buruz hitz egiten ari garen".