Alfonso Rios: "ERTEak enplegua mantentzeko tresna dira; betirako gelditu behar dira"

Alfonso Rios CCOOko ordezkaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lanean ari zirela hildako langileez hitz egiten ekin diogu elkarrizketari, eta nabarmendu du hainbat enpresak azpikontratazioa erabiltzen dutela gastua murrizteko modu abusibo gisa, eta hortik etortzen direla lan istripuak. Horrekin lotuta, Zaldibarko zabortegiko hondamendiaz galdetu diogu, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "drama" horretako ardurak ezkutatu nahi dituela, eta hiritarrek hau guztia ahaztea nahi dutela: "Ez dute lortuko", nabarmendu du.

Lan erreformaz galdetuta, azpimarratu du Espainiako Gobernuari esan diotela lan erreforma indargatu behar dela, patronalarekin akordioa erdietsi edo ez: "Guztiz beharrezkoa da. Patronalek ez badute akordioan egon nahi, patronala gabe egin behar da". Zentzu horretan, pentsioen erreforma ere indargatu behar dela azpimarratu du, baita sostengarritasunaren klausula ere, eta pentsioen birbalorizazioa KPIaren bitartez egin behar dela zehaztu du. 

Erreforma fiskalas galdetuta, nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako presio fiskala Europako batez bestekoarena baino %6 baxuagoa dela. Era berean, salatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela kalitatezko publikorik, eta egoera hori sektore publikoko kontratazioan dagoen behin behinekotasunari egotzi dio: "Egoera jasangaitza da".

Hainbat sektoretan abian dituzten borrokak izan ditu hizpide, eta horietako bat da autoeskolena. Hain zuzen, azaldu du 11 urte daramatzatela lan hitzarmenik gabe, eta beren lan balditnze kmurrizketa handiak jasan dituztela salatu du. Adierazi du patronalak ez duela akordiorik nahi, eta mobilizazioak deitu dituztela ekainaren 5erako. ERTEeen luzapenaz ere mintzatu da CCOOko ordezkaria, eta beren helburua irailaren 31era arte luzatzea dela adierazi du, "adostu diren ezaugarriekin". Nolanahi ere, ERTEak enplegua mantentzeko tresnak direla nabarmendu du, eta betirako gelditu behar direla adierazi du.

Petronorren abian jarri dituzten mobilizazioei dagokionez, nabarmendu du aurreko krisialdian orain baino gehiago jaitsi zela lan zama bertan, ez ez zela ERTErik egon. Horri lotuta, adierazi du "kezkatuta" daudela ERTEAk eragin ditzakeen segurtasun arazoengatik. Tubacex-eko lan gatazka ere izan du hizpide, eta nabarmendu du "txarto" eta "berandu" iritsi dela zuzendaritzaren proposamena. Aeronatutikari dagokionez, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak aeronautikaren sektorea bultzatzeko konpromisoa hartu behar duela finantzazioarekin: "Sektore honen egoera ez da konponduko kaleratzeekin". La Naval enpresaz ere hitz egin du, eta nabarmendu du Ezkerraldean gertatzen ari denak "hausnarketa sakonagoa" behar duela: "Enpleguaren arazo handia dago, eta horri irtenbidea emateko jarduera industriala bultzatu behar da". Testuinguru horretan, hainbat sektoretan mobilizazio garaiak datorrela nabarmendu du; izan ere, bere iritziz, digitalizazioa erabiltzen da kaleratzeak bultzatzeko aitzakiatzat.

Zerikusia duten artikuluak