Skip to main content

Alberto Alonso, [PSE-EE]: 'Espainiako Gobernuak 30.000 milioi euroko neurriak hartu ditu inflazioari aurre egiteko'

Elkarrizketa

Alberto Alonso PSE-EEko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

“Kezkagarritzat” jo du inflazioaren datua, eta adierazi du prozesu oso konplexua dela hainbat faktorek eragina dutelako, eta horietako asko ez daudelako herritarren esku: energia sektorea, ekonomia edota petrolioaren agorpena, kasu. Hala ere, nabarmendu du PSE-EE lanean ari dela Espainiako Gobernuan zein Eusko Jaurlaritzan prezioen gorakadari aurre egiteko neurriak har daitezen, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak, esaterako, 30.000 milioi euroko hainbat neurri hartu dituela: energiaren tasen jaitsiera, pentsioen balioen handitzea..etab

Era berean, adierazi du garaia iritsi dela banku etxeek eta energia enpresek herritarrei dirua itzul diezaieten: “Justiziazkoa da”. Aldaketa klimatikoa izan du hizpide, eta nabarmendu du ezin direla zalantzan jarri klima aldaketari aurre egiteko hartutako konpromisoak: “Tinko mantendu behar dugu”.
Horrez gain, adierazi du ez duela hauteskunde garaiak giroa gaiztotzea nahi: “Ez nuke nahi hauteskunde garaian egoera fribolizatzea eta eztabaida artifizialetan hastea”. Testuinguru horretan, EAJrekin duen harremanez galdetuta, nabarmendu du harremana “ona” dela: “Hitzarmen bat adostu genuen eta hori betetzen ari da”.

Estatus politikoaren eztabaidaz galdetuta, adierazi du beraiek ez dutela eztabaida hori bultzatuko: “Gu ez gara sartuko eztabaida horretan; herritarren kezka handiagoak dituzte, eta orain horiei erantzuteko garaia da”.

Espainiako Gobernuaren egoera politikoa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Pedro Sanchezen gobernuak legegintzaldia beteko duela: “Ez dago beste alternatibarik”.