Skip to main content

Aitzole Araneta: "Ez dugu aukeratzen nor garen; betidanik izan gara garen sexukoak"

Elkarrizketa

Aitzole Araneta sexologo, berdintasun teknikaria eta Donostia Udaleko Elkarrekin Podemoseko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Gaur Espainiako Ministroen Kontseiluan onartuko den testuaz hitz egin dugu Aranetarekin, eta nabarmendu du despatologizazioan aurrerapausoak ematen dituela, eta adierazi du genero autodeterminazio kontzeptua ez dela agertzen lege proposamen horretan.

Hala ere, azpimarratu du gabeziak ere badituela: "Berdintasun Ministeriotik planteatzen zen legeak hainbat esparru lantzen zituen, eta gaurko testuak alde batera uzten ditu hainbat esparru, negoziazioen ondorioz. Lege honen arabera, sexu erregistroaren aldaketa egiteko aukera 12 urtetik 14 urtera atzeratuko litzateke, eta espainiar hiritartasuna ez duten herritarrek ez lukete lege honen babesik izango".

Genero autodeterminazioaren gaiak eragin duen polemika hizpide, nabarmendu du "emakumeak jipoitzen eta hiltzen dituzten gizonen profila ikusita", oso zaila dela pentsatzea emakume bezela identifikatua izatea nahiko luketenik. Horrez gain, azpimarratu du ez dutela aukeratzen nor diren: "Betidanik izan gara garen sexukoak".

Azken urteetan aurrerapauso handiak eman baldin badituzte ere, adierazi du azken asteetako erasoek erakusten dutela garrantzitsua dela oraindik ikusgarritasuna eta sexu-hezkuntza plazaratzea, eta atzoko mobilizazioek horretarako ere balio zutela adierazi du. Horrez gain, nabarmendu du klase borrokaren aldarrikapenak kalean egon zirela atzo: "Ez da kasualitatea transexualen langababezia-tasa; zerikusia dauka bizi garen sistema sozio ekonomiko kapitalistarekin", azaldu du.

Prozesu zaila izan dela dio, hainbat eztabaida sare sozialetan gertatu direlako, eta horrek ez duelako gaia sakontasunez tratatzeko aukerarik ematen. Hainbat emakumek instituzioetan beren "status quo"-a lokolan ikusi dutela nabarmendu du, eta horregatik sortu dela horrelako "katramila".

Euskal LGTBI+ Behatokiaren sorrera oso positibotzat jo du, erasoak jasaten dituztenek baliabideak eskura izango dituztelako. Horrez gain, zinemaldiak hartu duen azken erabakiaz ere galdetu digou, eta adierazi du hartu duen erabakia "bide onean" doala; hala ere, emakumeen ikusgarritasuna areagotzeko ekimenak bultzatu beharko liratekeela dio.