Skip to main content

Aitor Urresti, EHU: "Lurralde plangintza oso garrantzitsua da energia berriztagarrien ezarpenean"

Elkarrizketa

Aitor Urresti EHUko energia berriztagarrietako irakaslea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, parke eolikoen arloan, instituzioek erabaki dute “ezer ez” erabakitzea, eta dio hori “erabaki politikoa” dela. Herritarren jokabideez ere mintzatu da Urresti, eta nabarmendu du teoriatik praktikarako pauso ez dela askotan egiten, eta hori “arduragarritzat” jo du.

Urrestik “garrantzitsutzat” jo du lurralde plangintza energia berriztagarrien ezarpenean, eta dio hori “airean” dagoela: “Eremu oso babestuak alde batera uzten baditugu, energia berriztagarriak ezartzeko aukera irekita dago, eta hor dago gatazka; izan ere, enpresa handiek beti lortu nahiko dituzte ahalik eta irabazi ekonomiko handienak, eta sistema handiak lehenesten diren heinean, fondo pribatuak sartuko dira, eta herritarrek ez dute onurarik lortuko”. Horrez gain, bi ereduren arteko “talka” dagoela nabarmendu du: “Gatazka dago energia berriztagarri hauek nola jarriko diren: makro proiektu batzuen bidez, edo tokian tokiko proiektuen bidez, komunitate energetikoan eta autokontsumoan oinarrituta egongo direnak. Hori da gakoa”.

Horrez gain, adierazi du energia berriztagarriekin lotutako plan eoliko osatu bat egin zela bere garaian, eta nabarmendu du plan horrek bere ibilbidea “eten” duela “bat-batean”: “Ez dakit benetan zer gertatu den, baina hori gertatu da garai batean non egunero parke berrien proiektuak azaltzen ari diren, eta parke horiek ezarriko diren lekuak eta plan horretan agertu zirenak ziurrenik ez datoz bat. Ez dakit zein interes dagoen, baina susmo txarra hartzen diot”.
Madrilek berriztagarrien ingurumen baimena jasotzeko baldintzak malgutu izanak bi ondorio dituela adierazi du Urrestik. Alde batetik, azpimarratu du “ingurugiro inpaktuko analisia” alde batera utzi duela Madrilgo Gobernuak, eta azaldu du horren ondorioz “oso gainetik” aztertzen dela kokagunea, eta esaten dela lekua egokia den edo ez: “Ez da sartzen zein tamainako sistemak diren, eta zer nolako inplikazioak egon daitezkeen”. Horrez gain, azaldu du parte hartze publikoa egoteko aukera bakarra dela ingurugiro inpaktuko analisi hori egitea, eta beraz, horretarako aukerak murriztu dituztela salatu du Urrestik.

Statkraft enpresaren proiektuaren “hasierako musika interesgarritzat” jo du Urrestik, baina nabarmendu du “albiste negatiboak” jasotzen ari dela proiektua nola “gauzatzen” ari den ikusita: “Lekua erabakita dago, baita makinen tamaina edo makinen kopurua ere, eta parte hartzeko aukera gutxi gelditu da. Enpresa bat sozializaziorako parte bat irekitzeko prest zegoen, baina beste enpresa bat sartu da, eta agian sozializazioaren parte handi bat berak emango du. Ikusi beharko da”.
Bere iritziz, trantsizio energetikoan energia berriztagarrietan jartzen ari da fokua, baina elementu asko barnebildu behar ditu: energiaren kontsumoaren murrizketa, eraginkortasun energetikoa, energiaren demokratizazioa, etab.

Urrestik gaineratu du merkatu elektrikoaren prezioaren igoera Ukrainako gerrarekin lotu dutela hainbatek, baina igoera hori “aurretik” zetorrela adierazi du. Hori horrela, azpimarratu du merkatu elektrikoa guztiz “berregin” behar dela, eta egoera zaurgarrienean dauden herritarrak babestu behar direla.