Torturatzaileei dominak kentzeko eta biktima guztiak erreparatzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk salatu du dominak mantentzen dituztela tortura kasu latzekin lotutako “gutxienez” ehun bat poliziak. Datu hori Espainian frankismo garaitik hona saritu diren torturatzaileen zerrenda osatuta ondorioztatu du koalizioak. Eta Marian Beitialarrangoitia diputatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio ken ditzala torturekin zerikusia duten kondekorazio guztiak eta aitor dezala torturaren errealitatea.

Polizien bahiketa, tortura eta hilketen senideen biktimekin batera egindako agerraldi batean egin du salaketa EH Bilduk. Informazio bilketa eta ikerketa eginda, frogatutzat jo dute tortura “praktika ohikoa” izan dela denbora luzean, eta Espainiak inplikatutakoak babestu dituela, kondekorazioa, indultua edota goi karguetara mugitzea eskainita.

Adibide gisara aipatu dute Sebastian Sotos Garciaren kasua ere: Espainiak bost aldiz saritua Jose Mari Larretxea Goñiren bahiketa saiakeran parte hartzea leporatuta. Gobernuburu guztiek saritu zuten gerora: Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk.

Azken asteotan, zeresana eman du ‘Billy el Niño’ goitizenez ezagun egindako poliziari domina kentzeko erabakiak. Beitialarrangoitiaren hitzetan, albiste ona da baina ez da nahikoa.

Are gehiago, salatu du Kepa Urraren torturatzaile Manuel Sanchez Corbi koronel ohiari Espainiako Gobernuak berriki eman dion domina. Hori dela eta, EH Bilduk Espainiako gobernuari exijitu dio ken diezaiela kondekorazioa guztiei eta biktima guztien erreparaziorako eskubidea aldarrikatu du Beitialarrangoitiak.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image