Pello Alcantarilla preso ohiak De los Cobos ikusi zuen berari egindako tortura saioetan

Berria egunkariari azaldu dio 2004an Madrilgo Tres Cantoseko komandantzian torturatzen zuten bitartean Diego Pérez de los Cobos han zegoela. Bertako polizia judizialeko burua zen momentu horretan. Telebistan ikusitakoan identifikatu du guardia zibilen Madrilgo egungo burua. Alcantarilla, 2004an Burgosen kamioiarekin lanean ari zela atxilotu zuten ETArekin lotura zuelakoan eta Madrilera eraman zuten Tres Cantosera. Torturak hasieratik egin zizkioten, bai errepidean nola komandantzian bertan. Kolpe eta irain etengabeak jasan zituen. Aitortu du azken aldian albisteetan hainbeste aldiz ikusi behar izateak orduko torturak gogorarazi eta “samina eta gorrotoa” eragin dizkiotelako erabaki duela bizi izandakoa kontatzea.