Martxoak 8ko grebaren eta hilabetean zehar antolatutako ekintzen aurkezpena

Emakumeen Nazioarteko egunean, martxoaren 8an Donostiako mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu du Berdintasun zinegotzia den Duñike Agirrezabalagak. “Bizitza zentroan” lelopean, Mugimendu Feministak 24 orduko greba deitu du eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Aurtengo grebak zaintza lanak ikusaraztea du helburu. Zaintza lan ordainduetan eta ez ordainduetan gertatzen diren egoerak agerian jarri nahi dituzte, baita sistema publikoaren ardurapekoak direnak ere. Gizarteari buruzko gogoeta sustatu nahi dute eta beste garapen eredu bat eraiki, bidezkoagoa, jasangarriagoa eta parekideagoa, zaintza arloko jardunbide egokietan oinarritua. Dandai, Asade, Haurralde, Gehitu eta Irutxulo Sub emakume elkarteek hainbat ekimen antolatu dituzte martxoa osoan zehar.