
Gipuzkoako ikastolen jaia ospatuko dute igandean Zarautzen
Igande honetan ospatuko da Kilometroak jaia Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastetxeak antolatuta. Egitarau “inklusibo, feminista eta jasangarri” bat prestatu dutela azpimarratu dute antolatzaileen. Aurten hiru gune izango ditu eta Ni, Hi, Hura… ikastola mundura! leloari jarraituz jarri diete izena bakoitzari. Ni gunea Malekoian egongo da eta kontzertuak izango dira bertan. Goizean Skasti, Pottors eta Klito eta Optika arituko dira, besteak beste, eta arratsaldean, berriz, Joseba Irazoki. Haur eta familientzat egokitutako Hi gunea ikastolan egongo da, eta Hura gunea Mollarrin. Sonakay, Ene Bada, Ane Guria, Mac Onak eta Bad Soundek kontzertuak eskainiko dituzte bertan. Gune guztietan egongo da jan-edana, eta baita kale animazioa ere, txaranga, batukada eta abarrekin.