Eusko Legebiltzarreko alderdiei, kontaketaren arloan, adostasuna bilatzeko eskatu die Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du desadostasunak azaleratuko direla Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldean. Agus Hernan eta Nekane Altzelai kezkatuta agertu dira, hauteskunde giroaren eraginpean, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek alde batera utzi dutelako legealdi hasieran zuten "adostasunetara iristeko izpiritua".

Hain justu, asteazken honetan bertan, Andoaingo Udalak eta Argituz erakundeak aurkeztutako ‘Memoria partekatu baterantz’ txostena da eredugarritzat jota, Foro Sozialak nabarmendu du tokian tokiko erakundeek bizikidetzaren bidean urrats esanguratsuak egin dituztela azken hilabeteetan. Eta Andoaingoaz gain, Errenteriako eta Arrasateko adibideei ere aitortu die balioa.

Aitzitik, Eusko Legebiltzarrean, Memoria eta Bizikidetza Lantaldeko eztabaidaren ondorioen inguruko saioa egingo da astelehenean, eta Foro Soziala jakitun da alderdien arteko hasierako adostasuna lausotu egin dela azken hilabeteetan.

Horren aurrean, besteak beste, euskal gizarteak bizikidetzarako egindako bidea eredugarritzat jo du Foro Sozialak, eta alderdi politikoek bestelako jarrera izatea ez zaie ulergarria iruditzen.

Beraz, Foro Sozialak eskaera zuzena egin die Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei. ETAren armagabetzearen eta desegitearen inguruan zeukaten adostasunetarako jarrera berreskura dezatela.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image