Eusko Jaurlaritzak ostiralean indargabetu nahi du alarma egoera "ezer okertzen ez bada"

Lehendakariaren esanetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoa prest daude hilaren 21a baino lehen amaitutzat emateko hirugarren deseskalada fasea, eta “errealitate berrira pasatzeko”. Iñigo Urkulluk “osasun irizpideetan oinarrituta” hartuko du erabaki hori alarma egoera bertan behera uzteko erabakia. Egin du jada egoeraren ebaluazio bat Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera, eta honek pandemiaren garapena “ona” dela jakinarazi dio. Hala ere, ostegunean gobernu bileran Osasun Sailaren txosten berria aztertu ondoren hartuko du lehendakariak erabakia. Neurri berriak zehaztuko dira horrekin batera. Alarma egoera altxatu ondoren, helburua da, ostiraletik bertatik hasita, egoera berean dauden Estatuko erkidegoekin mugikortasun askea izatea, Kantabriarekin esaterako. Hala ere, Nafarroara mugitzeko, gutxienez, astelehenera arte itxaron beharko dute EAEko herritarrek, han, indarrean jarraituko baitu alarma egoerak ordura arte. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko joan-etorrietarako ekainaren 21era arte itxaron beharko da.