Ekologistak Martxan-ek emandako Bandera Beltza "saria" jaso dute Gaztelugatxeko aparkalekuak eta Donostiako Santa Klara uharterako “asmo turistikoak”.

Sari hauek ematen ditu erakundeak “kudeaketa txarra argudiatuta edo kutsaduragatik”. Gaztelugatxeko Donieneko aparkalekuaren handitzea, talde ekologistaren arabera “publizitate kanpaina baten” baitan kokatu behar da. Salatu dute “Game of Thrones” telesaila filmatu zutenetik, “gehiegizko” gorakada bultzatu dutela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur ireki dute baita Donostiako Santa Klara uhartea bisitatzeko aukera. Ekologistek saria ematerakoan gogoratu dute “babes bereziko eremua” dela eta biodibertsitate gune bat dela batez ere “hegazti faunarentzat”. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalaren jarrera salatu dute, itsasargiaren bueltan Cristina Iglesiasen obra bat jartzekoak direlako.