Darabilbo berriz ere martxan dago

Darabilbo, Euskaltegi Sareak, Bilboko Udalarekin batera, Bilbon euskaraz aritzeko antolatzen duten egitasmoa bueltan da. Ekainerako egitarau berezi eta moldatua antolatu dute. Ekimenak, martxotik, Covid-19aren pandemia hasi zenetik hain zuzen, bertan behera utzi zituen ekintza guztiak eta tailer, dastaketa edo topaketak egiteari utzi zuten. Orain, pandemiaren larritasuna txikitu denean, egitarau moldatua eskainiko dute Darabilboko ekainerako, online eta tailer fisikoak uztartuz. Hasteko, bi garagardo dastaketa antolatu dituzte ekainaren 11 eta 25erako…. Online dastaketak! “Jitsi” plataformaren bidez egingo dira eta Mario Birretik gidatuko du dastaketa. Izena ematerakoan adieraziko da nola lortu garagardoa, aipatutako egunetan denok batera online topa egin dezaten. Horrez gain, ekainaren 22 eta 29an 6 lagunentzako gozogintza tailerrak antolatu dituzte. Hauek bai, presentzialak izango dira, Indautxuko kale partikularreko 3. zenbakian “Lord Cupcake” egokitutako gune batean. Iker Hernandez Vitores-ek emango ditu gozogintza tailerrak, konfinamendu garaian etxetik egin duen bezala. 6 lagun bilduko dira gehienez tailerretan, baina jende gehiagok izena ematekotan, tailer gehiago egiteko aukera zabalduko dute hurrengo egunetan.