Barakaldoko Udalaren murrizketak salatu ditu Berri-Otxoak plataformak, etxegabe baten heriotza dela eta

Gizarte bazterkeriaren aurkako Berri Otxoak plataformak joan den azaroaren 11n etxegabe bat hil zela salatu du Barakaldoko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. Azken lau urteotan, Barakaldon antzeko egoeran hildako laugarrena dela salatu dute, baita hori ez dela kasualitatea ziurtatu ere.

Hain justu, Barakaldoko Udalak murrizketen politikari eusten diola nabarmendu dute, kalean lo egitera behartutako 30 lagun daudela ohartaraztearekin batera. Plataformak, horrez gain, kritikatu egin ditu etxerik gabekoentzako aterpearen baldintzak.

Bide beretik, EAJren esku dagoen udal gobernuari egotzi dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sententziak ez betetzea. Zehazki, adingabeak beren ardurapean dituzten etxegabetutako familiei aterpe bat eskaintzeko betebeharraren inguruko ebazpena.

Berri-Otxoak plataformak salatu duenez, Barakaldoko Udalak ez die herritar horiei erroldarako sarbidea izateko eskubidea bermatzen, eta horrek egungo legedia eta jurisprudentzia urratzen ditu. Horren aurrean, gizarte arloko murrizketak bertan behera uztea eskatu dute, baita berehalako neurri zehatzak hartzeko ere.