2019ra begira, zor berririk ez jaulkitzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Datorren urterako 875 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, iaz baino %2,22 handiagoa. Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan, "etorkizunerako prestatzeko aurrekontua" da aurkeztu dutena. Gipuzkoarekin eta gipuzkoarrekin erabat konektatutako aurrekontua aurkeztu dutela nabarmendu du Olanok.

Hala, aurrekontuan jaso dute diruz hornitzea aldundiak estrategikotzat jotzen dituen arloak eta proiektuak: gizarte politikara ia 390 milioi euro bideratu dituzte, iaz baino hamahiru milioi gehiago, eta hamabi milioi euro izango dituzte Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barneko ekinaldiek: Ziur zibersegurtasun zentroak, Adinberri zahartzaroari buruzkoak eta klima aldaketaren aurkako institutuak, besteak beste.

Edonola ere, etorkizunean krisi ekonomikoa etorriz gero, ziklo ekonomikoa aldatzen denerako prest egoteko erabaki hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak adierazi du horregatik erabaki dutela aurten zor berririk ez jaulkitzea. Horrenbestez, 527 milioi eurotik 478 milioira jaitsiko da Gipuzkoako Aldundiak berezkotzat jotzen duen zorra. 49 milioi gutxiago dira horiek.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image