Gurean gaur

All Stories

Araba eta Gipuzkoa eremu horian daude, Bizkaia, berriz, laranjan

Koronabirusaren bilakaera hobetzen ari da pixkanaka. Araba eta Gipuzkoa eremu horian daude, Bizkaia, berriz, laranjan dago. Horrek esan nahi du eremu gorrian geroz eta udalerri gutxiago daudela. Jaurlaritzak argitaratutako txostenaren arabera, 5 herri daude gune horretan, astelehenean baino 8 gutxiago: Derio, Oñati, Santurtzi, Sopela eta Gaubea.

"Biharko euskal hezkuntza sistema gaurtik eraikitzen hasteko" dokumentua aurkeztu dute ikastolek

Komunitatearekin eta beste eragileekin batera lantzeko proposamena da. Euskara, ikastetxeen autonomia eta inklusibotasuna izan dira aurkezpeneko ardatz garrantzitsuenetako batzuk. Euskal gizartearen "izaera parte hartzailean eta kolektiboan" oinarrituko dela azpimarratu dute.

Bilboko erlojupekoarekin hasi eta Arraten amaituko den Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute

Apirilaren 5a eta 10a bitarte lehiatuko den gizonezkoen Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea aditzera eman dute. Lasterketa Bilbon egitekoa den erlojupeko batekin hasi eta Arrateko gain mitikoan amaituko da. Bestelako etapa amaierak, Sestaon, Laudion, Hondarribian eta Ondarroan izango dira. Luxuzko parte hartzea espero da, besteak beste, Pogacar, Roglic, Carapaz, Higuita, Landa, Pello Bilbao edo Ion Izagirreren presentziekin.

Martxoaren 23tik 27ra ospatuko da Gutun Zuria jaialdia

Iazko etenaldi behartuaren ondoren, aurten martxoaren 23tik 27ra ospatuko da Gutun Zuria Bilboko letren jaialdia. Antolatzaileek azaldu dutenez, momentuko baldintzetara moldatzen ahalegindu dira eta hainbat estadiotan garatuko den jaialdia izango da une bakoitzean sortzen den egoerara moldatuko dena. Hala, Bilboko Azkuna Zentroan izango dute tokia egitarauaren zenbait ekitaldi baina streaming eta podcast bidez ere eskainiko dituzte beste batzuk.

Amarako feministek emakumeen eskubideak babesten dituzte abortuaren aurkako pertsonen aurrean

Abortuaren aurkako hainbat pertsona berriro itzuli dira Easo kaleko Askabide klinikaren aurrean klinikara doazen emakumeei presioa egitera. Horren aurrean, Amarako feministek salatu dute 20 urtetik gora daramatela klinika eta bertaratzen diren emakumeak jazartzen, eta hori onartezina dela. Ildo horretan, beraiek “autodefentsa feministaz” erantzungo dutela azaldu dute eta emakumeen eskubideak defendatzeko antolatu dira.
hamaika telebista

Image