Altxa burua

All Stories

Oier Zuñiga: "Definitu ezin den giroa sumatzen da Iruñean"

Oier Zuñiga Zaldi Urdina antzezlana aurkezten ari ziren pandemia iritsi zenean; ia 5 hilabete egon ziren geldirik, 45 emanaldi bertan behera gelditu zirelako bat-batean: "Sorkuntza nire ingurua ulertzeko eta errealitatera gerturatzeko erabiltzen dut, baina errealitatea hain ezjakina, arraroa eta beldurrezkoa zenean, blokeo handia sentitu nuen". Ez jakintasun handiarekin bizi izan zuen uda, ez zekielako posible izango ote zen bertan behera gelditutako emanaldi guztiak berreskuratzea, eta beldur handiarekin bizi izan zuen: "Hasieratik genekien Zaldi Urdina hasi eta amaitu egingo zela, eta nire kezka zen: Eta gero zer?"

Zuñigak nabarmendu du ardura handiz bizi izan zituela hilabete horiek: "Gu gai izan ginen Zaldi Urdina antzezlana berreskuratzeko izandako ibilbide arrakastatsuarengatik. Lagun askoren proiektuak bertan behera gelditu dira, ordea, estreinaldiak ezin egin... Proiektu asko, ideia asko kaxoian gordeta gelditu dira".

Adierazi du egoera pandemikoan herritarrak kulturaren garrantziaz ohartu direla: "Gure lagunekin bestelako emozioak bizitzeko beharra dugula ikusi dut, ohartu gara askotariko aukerak ditugula gure herrian, eta konturatu gara Nafarroan kultur eskaintza handia dagoela". Era berean, adierazi du kultur kudeatzaileek ikusi dutela ohiko inertzietatik kanpo bazeudela aukera, inertzia edota ordutegi ezberdinak: "Ikusi dugu beste era batera egin zitezkeela gauzak, eta dena ez dela neurgailu ekonomikoekin neurtu behar; kultura inbertsio bat da etorkizuna bizitzeko".

Zentzu horretan, azaldu du Iruñean mugimendu handia egon dela betidanik, beti egon dela gauzak eragiteko beharra: "Azken bost urteetan, txikitasunetik baina beharretatik abiatutako esperientzia asko sortu dira kultur ekintzailetzarekin lotura dutenak. Sortzen ari dena baino, sortzeko modua ere garrantzitsua da: sortzen ari diren sareak, elkar elikatzeak, harremanak...".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Maitane Azpiroz: "Gelditzea oparia izan niretzat"

Maitane Azpiroz dantzari eta trapezista da, eta hainbat artista bezala, pandemiak goitik behera aldatu du bere bizitza. Pandemia garaian antolatutako ekintzetan energia handia jarri behar izan dute: "Ilusio handiarekin egiten dugu gure lana, eta indar handia daukagu gauzak aurrera ateratzeko. Elkartasun handia ere izan dugu gauzak aurrera ateratzeko, kultur teknikarien zein artisten aldetik, gizarteak era batera edo bestera sufritu duen tristura eta ezinegon hori leuntzeko". 

Pandemia gogorra izan dela dio, baina uste du beraientzat ez dela oraindik gogorrena iritsi: "Hilabete hauetan guztietan hainbat pieza estreinatu gabe gelditu dira, eta ez dago nahikoa merkaturik horiei guztiei aterabidea emateko". Horrez gain, instituzioen aldetik diru gutxiago jasoko dutela uste du. Pandemia garaian, berak ez zuen etxean trapezioa jartzeko aukerarik, eta hiru hilabeteren ondoren oso gogorra izan zen bueltatzea. Hala ere, uste du jendea animatuta dagoela, eta formakuntzak eskaintzeko une egokia dela deritzo: "Pandemia iritsi zenean bertan behera utzi behar izan zituen 4 edo 5 kurtso; ez zen errentagarria ikastaroak antolatzea".

Pandemia iritsi zenean gizartea oso estresatuta zegoela uste du, eta berarentzat "oparia" izan zen gelditzea: "Gelditzea oparia izan zen niretzat, nire buruarekin topatzeko, zer egin nahi dudan, zertarako nagoen hemen... Geldialdi horretan sortu zen konpainia, eta egia esan, lehen konfinamenduaren ondoren konfiantza handia nuen bizitzan; asko falta zaigu, ordea, honetatik guzitik zerbait ona ateratzeko". Metafora ikusi du gizarteak behar izan duen zaintzaren eta beraiek eguneroko lanean behar izan dutenaren artean: "Gizarteak behar izan duen zaintza guk eguneroko lanean behar dugu".

Era berean, adierazi du gizarteak bizi izan duen beldurra gehiegizkoa izan dela, eta blokeo egoerak eragin dituela. Zentzu horretan, zirkoak beldurrarekin bizitzeko, eta beldur horrekin zer egin erabakitzeko tresnak ematen dituela nabarmendu du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Arduratsu jokatu al dute komunikabideek pandemia garaian?

Herritarrok informazio egarri handia izan dugu pandemia garaian, koronabirusarekin lotutako albisteekin obsesionatzeraino. Informazio fidagarria jaso dugu, baina baita fake news-ak ere. Anabas honetan, kazetarien lana ez da erraza izan, eta horrez gain, digitalizazioaren prozesua azkartu egin behar izan dute hedabide askok eta askok.

Nola bizi izan dituzte hilabete hauek? Zein zailtasun izan dituzte? Juan Kruz Lakasta, Ibai Fernandez, Uxue Rey eta Unai Beroizi galdetu diegu. Ez galdu 'Altxa Burua' saioa!

Juan Kruz Lakasta: "Kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da"

Juan Kruz Lakastak nabarmendu du "muturreko egoera latza" izan dela; zentzu horretan, egoera horretan komunikabideei agintari politikoen, gizartearen eta zientziaren arteko "zubi lana" egitea egokitu zaiela azpimarratu da: "Oso une nahasian zarata mediatiko handia izan da, polarizazio handia, eta espektakularizazioaren irizpideak zabaldu dira kazetaritzan ere; hori ez da batere lagungarria hildako kopuruez hitz egin behar duzularik".

Era berean, azpimarratu du hainbat hedabide beldurra hedatzen aritu direla, kontrol sozialerako mekanismoa delako: "Pandemia aprobetxatu dute horretan aurrera egiteko, eta zentzu horretan, kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da". Nabarmendu du pandemiaren erdian "labainkorra" izan dela kazetaritza kritikoa eta arduragabekeria banatzen dituen muga hori, eta hainbat hedabidek "bertigoarekin" jokatu dutela azpimarratu du.

Pandemiak tokiko komunikabideak indartu dituela dio, ez dutelako soilik datuez informatu, baita gertuko errealitatez ere: "Elkar zaintzeko sortu diren sareez, auzoan edo herrian bakarrik bizi diren edadetuez, haurrentzako edukiak sortuz.. horrelako gauza asko egin ditugu eta horrek entzuleekiko feedback-a areagotu digu".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Uxue Rey: "Ez dugu lerroburu potolorik bilatu behar; batzuetan ez dago"

Uxue Rey kazetariak COVID19ari lotutako albisteak jorratzen aritu da azken urtebetean: "Pentsatu izan dut ea interes informatiboa ere baduen; neke pandemikoa dugu, eta akaso guk ere eragiten dugu, baina hori tokatzen da". Reyk nabarmendu du zalantza asko izan dituztela beren jardunean, albisteak zein maiztasunekin kontatu, zein sakontasunekin... Halaber, adierazi du eguneroko informazioa adituen ahotsekin tartekatzen saiatu direla."

"Hankasartzeak" egin dituztela dio, baina ikasteko balio izan diela izurrite honek: "Gu ere malabareetan ibili gara, eta askotan oker, baina hortxe ibil gara". Hiztegigintzan sekulako lana egin dela nabarmendu du, eta batzuetan asperraldia eta beldurra sortzearen sentsazioa izan duela dio: "Guk ere hauspotu dugu agian beldur hori, baina balio izan du akaso herritarren ardura zabaltzeko? Hor zalantzak izan ditugu".

Albisteak sakontasunez tratatzera behartu ditu pandemiak, "beste begirada batzuk bilatzera". Era berean, nabarmendu du agian batzuetan ez dela "lerroburu potolorik" bilatu behar: "Batzuetan ez dago". Zentzu horretan, adierazi du zenbakiei garrantzia handiegia eman zaiela hilabete hauetan: "Ez dugu ahaztu behar zenbaki horien atzean pertsonak daudela, eta astebetean zenbat pertsona hil diren esan dugu zenbaki horien atzean pertsonak daudela ahaztuta".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Ibai Fernandez: "Hedabide gehienek erantzukizun handiz jokatu dute"

Ibai Fernandezentzat "mugitua" eta "berezia" izan da pandemia. 30-40 lagun daude erredakzioan; lankide askok etxean egin behar izan dute lan, eta digitalizazioaren prezesua azkartu behar izan dute. Webguneari garrantzia handiagoa eman diote; horretara egokitu behar izan dute, eta bi urtetan egin behar zuten prozesua sei hilabetetan egin behar izan dute.

Gero eta jende gutxiagok erosten dute egunkaria, eta Fernandezen esanetan, beren salmentetan asko eragin du tabernak ixtea. Hala ere, irakurleak "ikaragarri" igo dira webgunean, eta igoera handia nabaritu dute: "Interes handia zegoen, datuak berehala jakin nahi zituen jendeak. Gehien irakurri diren hamar albisteetaitk zazpi COVID19 ingurukoak dira".

Hedabideen jarduna "oso ona" izan dela dio Ferndezek, eta Nafarroako hedabideek "erantzukizun handiz" jokatu dutela nabarmendu du. Gizartea "oso ongi" informatu dutela uste du, "sinesgarritasun osoa eman zaiolako osasun sailetik iristen zen informazioari, eta sinesgarritasu horrekin gizarteari bideratu izan zaio. Herritarrek ez dituzte neurriak beteko, egoeraren larritasuna ez badu ulertzen, eta komunikabide gehienek bide horretatik jo dutela uste dut".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Edurne Egino: "Mundu osoko begirada garrantzitsua da"

Edurne Eguino medikua da, eta pandemia nola bizi izan duen kontatu digu Altxa Burua saioan. Eguinok azpimarratu du birusa mundu guztian dagoela, baina herritarrek beren ingurukoa bakarrik ikusten dutela: "Birusa hegazkinean etorri zen, eta hegazkinean dabil oraindik ere; gure artean dago". Zentzu horretan, mundu osorako begirada izatea garrantzitsua dela dio, eta txertoaren kontuarekin kezkatuta dagoela adierazi du: "Txertoarekin kezkatuta nago: ez dakit zer gertatuko den Afrikan, Asian...".

Osasungintzari dagokionez, adierazi du Osasunbideak "goi mailako" erantzuna eman duela, eta azpimarratu du "oso ongi" kudeatu duela pandemia. Nolanahi ere, lehen arretak ahultasunak dituela ere onartu du: "Lehen arretan, osasun-etxeetan, jendea falta zen; ez genuen 10 minutuko arreta eskaintzen pertsonako, askoz ere minutu gutxiagoko arreta eskaintzen genuen, eta hori faltan botatzen dut orain ere".

Bere iritziz, pandemiari aurre egiteko irtenbidea ez zen ZIU gehiago jartzea: "Denok dakigu zenbat urte behar diren ZIUetako erizain edo mediku bat formatzeko". Hala ere, hurrengo urteetako plangintza falta dela azpimarratu du: "Hemendik 10 urtera, nire belaunaldiko medikuak jubilatu egingo gara, eta ez dago horien guztien tokia beteko duenik". Hori dela eta, datozen urteetako plangintza egitea ezinbestekotzat jo du, eta sektore publikoko langileen egoera ere salatu du: "Gaur egun, osasungintzako eta hezkuntzako langileen kontratuak egunetakoak edo asteetakoak dira, eta langileen erdiak baino gehiagok ez du plaza finkorik; hori oso larria da".

Eguinoren iritziz, sistemak "oso ongi" kudeatu du pandemia, baina agintarien aldetik aholkuak garbiagoak izan beharko luketela dio: "Agintariek ez dute konfiantzarik izan herritarrengandik, eta konfiantza falta horretatik erantzuten du gizarteak".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

 

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image