Amaia Nausia Euskal Herria Batera ekimenaren kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan aurtengo Aberri Egunerako duten planteamenduaz. Egoera epidemiologikoak baldintzatuta, zaila izango da aurreikustea zer-nolako aukerak izango diren, baina dioenez, aurten salto egin nahiko lukete "leihoetatik plazetara".
"Edonon, eta edonorrekin gaudela ere, elkartzeko eta abesteko egiten dugu, apirilaren 4an, 12:30ean, gure herriko plazetan", gaineratu du. Izan ere, apirilaren 4ean Hamaika Telebistako eta Euskal Herria Baterako youtube kanaletik jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Azken mezu bat luzatu du Nausiak: "Bakoitzak aberria sentitzeko modua oso ezberdina dauka, baina aldarrikatu nahi dugu herri burujabea eraiki dezakegula elkarrekin".
Ima Garrastatxu Durangoko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Durangoko historian egingo den lehen herri galdeketarako hamar egun falta direnean, galdeketaren nondik norakoak eman ditu Garrastatxuk. Nabarmendu duenez, indarrean dagoen proiektua gelditzea, edo beste proiektu bat denon artean egitea erabakiko da, eta azpimarratu du garrantzitsuena dela herritarren erabakia izango dela.
Plateruena antzokiaz galdetuta, azaldu du prozesu parte hartzaile bat jarri dutela abian, "Durangok, Durangaldeak eta Euskal Herriak zer behar duen ikusteko". Gaineratu du urtea amaitu baino lehen Plateruena berriz irekita egotea "espero" duela.
Bihar estreinatuko da 'Aurrera egin badugu' dokumentala, eta Julen Hernandez dokumentalaren zuzendaria, eta Arantxa Urretabizkaia bertan parte hartu duenetako bat izan ditugu Gurean Gaur saioan.
Arantxa Urretabizkaiak azpimarratu du Alardearena Euskal Herri osoan berdintasunaren alde egon den borrokarik "luzeena" dela. Horregatik, gai hori mahai gainean jartzeko helburuarekin egin dute dokumentala, Hernandezek dioenez. Urretabizkaiak dio bide "luzea" egin dutela herrian, baina oro har, giroak "hobera" egin duela, "berdintasunerantz".
Dokumentala bihar aurkeztuko da Hondarribian, beste hainbat aurkezpen ere egingo dituztela iragarri dute: martxoaren 9an, Donostiako Principe aretoan eta martxoaren 11n, Gasteizko Vital fundazioan. Asmoa aurkezpenak Bilbon eta Madrilen errepikatzea izango litzateke, eta horren ondotik, emanaldiak Euskal Herriko hainbat aretotan egitea.
Palestinan egindako gerra krimenak ikertuko dituela iragarri du Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Hori bai, 2014ko ekainetik aurrerako kasuak bakarrik ikertuko ditu auzitegiak, israeldarrek zein palestinarrek egindakoak. Oso esanguratsua da erabaki horren aurrean batzuek zein besteek izan duten erreakzioa. Palestinako Aginte Nazionalak txalotu egin du erabakia. Israelek erabaki antisemita dela adierazi du.
Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Europako Funtsaz galdetuta, nabarmendu du transformazioa, trantsizio energetiko eta ekologikoa eta kohesio soziala izango direla ardatzak, eta beraz, oso garrantzitsuak direla. Zentzu horretan, azpimarratu du helburua dela 2050ean Euskadi ere "neutroa" izatea CO2 emisioetako neurriak lortu direlako.
Pasaporte inmunologikoaz galdetuta, nabarmendu du zertifikatu bat egotekotan, herritarren giza eskubideak eta datuak errespetatu behar dituela, eta Europako herrialde guztietan "armonizatuta" egon behar dela. Eskubideak kendu baino, eskubideak "eman" beharko lituzkeela nabarmendu du.
Farmazeutikak ere izan ditu hizpide, eta nabarmendu du transperentzia eskatu dietela farmazeutikoekin egindako kontratuetan; zentzu horretan, adierazi du AstraZeneca soilik "atzeratu" dela kontratua betetzen. Era berean, azpimarratu du Europako Batasunaren ardura nagusiena COVID19aren aldaerak direla. Txertaketa kanpainari dagokionez, Europako biztanleriaren %70 txertatzeko helburua indareran dagoela oraindik.
Espainiako Gobernuaren eskumenen transferentziez hitz egin dugu, eta nabarmendu du "sinesgaitza" dela oraindik ere horrelako eskaerak egin behar izatea. Zentzu horretan, azpimarratu du kartzeletako transferentzia datozen asteetan ikusiko dela, eta baieztatu du beste konpetentzia guztiak ere errealitate izango direla "epe laburrean".
Kataluniako egoera politikoa hizpide, ezinbesteko jo ditu elkarrizketa, eta erabaki eta soluzio politikoak. Zentzu horretan, EAJk Europako Parlamentuan Puidgemonten immunitatearen aurkako txostenaren aurka bozkatuko dutela adierazi du. Torturari buruz galdetuta, nabarmendu du Europan erakusten ari direla Espainian zer errealitate dagoen, eta oraindik zein bide dagoen egiteko biktima guztien eskubideak defendatzeko.
Nazioartera joan da, Venezuelaz hitz egin dugu Bilbaorekin, eta azpimarratu du Madurok "bidea ireki" behar diola demokraziari: "Horrelako diktadura batean ez dago elkarrizketarako tokirik". Palestinako gatazkaz ere galdetu diogu, eta nabarmendu du Europako Batasunean ez dagoela "adostasunik" gai honetan; hala ere, bere iritziz, elkarrizketarako bidea babestu beharko luke, bakoitzak bere herria eraikitzeko aukera izan dezan.
100.000 biztanleko kasuen intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du azken 14 eta 7 egunetan, 122ra eta 55era, hurrenez hurren. Helburua, 14 egunetak tartean, 50 gaixoetara jaistean semaforo berdea piztea da, hau da, arrisku maila baxura heltzea.
Saskibaloian, Baskoniak errenkadan lortzen duen laugarren garaipena eskuratu zuen Olympiacosi 91 eta 66 irabazi ostean. Gasteiztarrek Euroligako Top Zortzian sartzea dute helburu eta, bide horretan, ostiralean Bartzelona liderraren aurka heldutasun froga aurre egin beharko diote.