-ANIMATION.gif)
Kalitatezko enplegua sustatu eta eskubide sozialak babesteko hiru lege proposamen iragarri ditu EH Bilduk, 2019rako lehentasunak aurkezteko egindako agerraldian. Bertan, Maddalen Iriartek iragarri du aurtengoa urte kritiko eta erabakigarria izango dela autogobernurako. Estatus berria “eskubide eta askatasunen berme” gisa aldarrikatu du soberanisten Legebilztarreko bozeramaileak.
Nafarroako parlamentuan, Podemosen parlamentu taldeko 3 kide ofizialisten kanporatzeak geldiarazi egin ditu behin behinean Parlamentuko mahaiak, forma-akats bat dela eta. Parlamentuko Legelari nagusiaren txostenak dioenaren arabera, Podemoseko kide izaten jarraitzen duten 3 parlamentariak taldetik botatzeko Orain Baik egindako eskariak ez ditu bete beharreko baldintzak betetzen. Honen arabera, kanporatzeak balekoak izateko ez litzateke nahikoa izango kanporaketen berri ematea. Legelari Nagusiaren aburuz ezinbestekoa da parlamentu taldearen bilera bat egin, kanporatzeak bertan gehiengoz adostu, eta erabakiari buruzko akta bat sortzea.
Lurra eguzkia eta ilargiaren artetik pasako da urtarrilaren 21 goizaldean, ilargi eklipse bat eraginaz. Eklipse osoa izango da gainera astelehen goizeko lehen orduan ikusi ahal izango dena, eta hodeiek uzten badute behintzat Euskal herritik ere ikusi ahal izango dugu fenomenoa.
Frankismoaren sei biktimak Tolosako epaitegian erregistratu dituzte 1975ean eta 1976an Jesus Muñecas Aguilar kapitainak eta beste guardia zibil batzuek egindako torturen salaketak. Salaketa jarri dutenak dira Juan Arangoa —hilda dagoen Amparo Arangoaren anaia—, Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Josetxo Zabaleta, Juan Goñi eta Jose Begiristain. Epaitegira sartu aurretik, elkarretaratzea egin dute egia eta justizia eskatzeko, frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak deituta. Testigantza gogorrak kontatu dituzte, eta gainerako biktimak ere salaketa jartzera animatu dituzte.
Epailearen aurrean eseri behar izan du gaur lehen aldiz Kote Cabezudo, ustez sexu delitu batzuk egiteagatik behin behinean espetxeratutako kazetariak. Modeloei abusuak egitea, iruzurra, sexu erasoak egin izana eta haur pornografia sortzea leporatzen diote, besteak beste. Gaurkoan baina kasu orokorretik bereizitako gai batengatik epaitu dute. Zehazki, kasu orokorrean akusazio gisa salaketa bat aurkeztu zuen emakume bat biluzik agertzen den argazki bat sare sozialetara igotzeagatik epaitu dute gaurkoan. Emakumeak salaketa jarri eta hurrengo egunean igo zuen argazkia sareetara Cabezudok.
Ez zen azken uneko sorpresarik izan azkenean atzo Westminsterko parlamentuan. Brexiterako Europar Batasunarekin Theresa May lehen ministroak lortutako akordioa atzera bota zuen Komunen ganberak. Testuinguru horretan, Jeremy Corbyn, Laboristen buru eta oposizioko liderrak zentsura mozioa aurkeztu du Mayren aurka. Asteazken iluntzean bozkatuko da, baina ez du aurrera egiteko aukerarik, kontserbadoreen gobernua sustengatzen duen D.U.P. alderdiak dagoeneko iragarri baitu aurka bozkatuko duela.