Skip to main content

Zergatik jaso dituzte 7.000 euroko isunak Korda espazioa babestu zuten lagunek?

Politika

Maite de Felipe eta Mikel Lopez

2026, Maiatza 20 - 12:05

Pasa den urteko ekainaren 4an Gasteizko Alde Zaharrean kokatuta dagoen Korda espazioa hustu zuen Ertzaintzak, Gasteizko Udalak aginduta. Gune hark urteak zeramatzan hutsik eta 2022an Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak berreskuratu zuten. Desalojoaren egunean Ertzaintzaren dispositibo handi batek hiriko Alde Zaharra hartu zuen eta dozenaka ibilgailu bertaratu ziren. Azkenean, espazioaren barruan zeuden 11 pertsona indarrez kanporatu zituzten, eta bat atxilotu eta zauritu zuten. Gainera, zauritutako lagunari arreta eman zion erizaina ere identifikatu zuten.

Orain, urtebete igaro denean, han egon ziren eragileek ohar batean salatu dute “jasandako errepresioa ez zela egun horretara mugatu, baizik eta atxilotutako kidearen kontrako prozesu judiziala hasi eta Mozal Legean oinarritutako isunak tramitatzen ere hasi zirela”. Hain zuzen ere, azaldu dutenez, jasotako zigorrak 7.000 eurotik gorakoak dira eta desobedientzia egotzi diete. Gainera, kideek nabarmendu dute zehapen ekonomikoak aurtengo greba orokorraren egunean jaso zituztela, martxoaren 17an.

Bestalde, eragileek salatu dute atxilotutako kidearen prozesu judiziala artxibatu egin dutela, “epaileak ez duelako delitu zantzurik ikusi”. Gogorarazi dute, halaber, ekaineko egun hartan zauritutako kideak salaketa jarri zuela Ertzaintzaren aurka, baina “momentuz ez dutela horren inguruko inolako berririk”. Beraz, zigor penala artxibatuta geratu den arren, zigor administratiboak mantendu dituzte. Korda espazioa babestu zuen eragileetako batek bizitakoa azaldu du. 

Horiek horrela, badirudi kideek isunak ordaindu beharko dituztela. Dena den, eurek argi utzi dute ez dituztela zigorrak onartzen eta horregatik helegiteak aurkeztuko dituztela. Haien hitzetan, “errepresioak antolakuntza eta borroka desaktibatzea du xede, baina ez dute lortu”.

Mozal Legeari dagokionez, berriz, ohartarazi dute “askatasun politiko eta zibilien kontrakoa dela eta gainera, poliziaren inpunitatea handitzen duela”. Ildo horretan, araudi hori indargabetzea aldarrikatu dute. Erresistentzia kutxa betetzen hasi direla ere azaldu dute eragileek, epaitegietan euren kontrako epaia emanez gero zigor ekonomikoei aurre egiteko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista