Skip to main content

Tubos Reunidosen etorkizuna mahai gainean jarri dute Eusko Legebiltzarrean

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 19 - 14:05

Tubos Reunidoseko enpresa batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Batzordearekin bildu da gaur Eusko Legebiltzarrean. Bertan, Amurrioko eta Trapagarango lantegietako batzordeek alderdi politikoetako ordezkariekin hitz egin dute, enpresaren egoerari irtenbidea bilatzeko helburuarekin.

Langileen ordezkariek salatu dute arazoaren jatorria zuzendaritzaren eta akziodunen “zuhurkeria” izan dela. Adierazi dute ere 2021ean SEPIk mailegu publikoa eman ziola enpresari, baina diru horren erabilera ez dela behar bezala gainbegiratu. Langileek adierazi dutenez, ordutik hamar ERTE bizi izan dituzte, eta salatu dute, ERTE zein ERE prozesuak enpresaren “interes propioen” arabera egiten dituztela eta ez dagoela prozesu hauen gaineko “kontrol nahikorik”.

Bestalde, langileek nabarmendu dute une oro prest agertu direla arazoari irtenbidea bilatzeko, baina salatu dute Tubos Reunidoseko zuzendaritzak behin eta berriz uko egin diola haiekin biltzeari. Azken hilabetean, ordea, enpresa hartzekodunen konkurtso prozesuan sartu da, eta horren ondorioz langileek greba mugagabea eten eta lanera itzuli dira. Haien esanetan, egoera berri horrek negoziazioetan “fase berri” bati eman dio hasiera.

Alderdiek ere azpimarratu dute enpresaren etorkizuna bermatzea garrantzitsua dela Euskal Herriarentzat zein Espainiako Estatuarentzat eta elkartasuna adierazi diete langileei. Alderdi Jeltzaleak enpresaren bideragarritasuna bermatzeko ekintzak egin behar direla nabarmendu du. Sumar eta Euskal Sozialistek, bestalde, egoeraren arduradunak seinalatzearen beharra azpimarratu dute, halakorik berriro gerta ez dadin.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista