Santurtziko udaltzaingoak 29 urteko gazte bat hil du esku-hartzearen ondorioz
Politika
Xabi Ealo
Udaltzaingoaren esku hartzearen ondorioz, 29 urteko gazte santurtziar bat ospitalean hil dela ezagutzera eman dute azken orduetan. Kontuak argitzeko, Santurtziko EH Bilduk kasuaren informazio guztia izatea eskatu du ohar bidez, zentzu horretan, ostegun honetako Osoko Bilkuran Udal Gobernuari informazio osoa eskatu dio koalizio subiranistak.
Oharrean gaineratu dute “ahalik eta tresna administratibo eta legal gehien” erabili beharko liratekeela jazotakoa azaldu eta erantzukizunak argi daitezen.
Zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, udaltzaingoek taser pistola erabili zuten biktima geldiarazteko. Antza denez, aurretik adineko bati makila bat kendu zion gazteak.
Horiek horrela, Imanol Urrutxua Segurtasunerako zinegotziak ziurtatu du dena egiaztatu dutela, eta ez dagoela “zantzurik pentsarazteko agenteek gaizki jokatu dutela”.
Santurtziko Udalak 2023an eman zizkion taser pistolak udaltzaingoari baliabideak modernizatzeko planaren barruan. Gertatutakoa salatu eta poliziaren basakeriaren aurka, elkarretaratzea deitu dute larunbat honetarako, Santurtziko udaletxearen aurrean, 12:30ean.

















