Skip to main content

Pertur desagertu zenetik 50 urte bete dira

Politika

Gaizka Leitza eta Leire Llano

2026, uzt. 23 - 14:07

Aurten 50 urte bete dira ETApm-ko kidea Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ desagertu zenetik.

Ipar Euskal Herrian desagertu zen 1976ko uztailaren 23an. Pertur Hendaiara zihoan kotxean Miguel Angel Apalategi ‘Apala’ eta Francisco Mujika Garmendia ‘Pakito’ erakundeko kideekin batera. ‘Apalak’ eta ‘Pakitok’ Biriatun agurtu zuten, baina ordutik ez da bere berririk izan, eta oraindik arrastoren baten bila jarraitzen dute.

1976an, ETAk zatiketarik garrantzitsuena izan zuen: mili eta polimilien artean banatu zen eta ‘Pertur’ polimilietara batu zen. Erakundeko ideologo eta buru nagusienetakoa bihurtu zen bere ekarpen politikoagatik. Pertur desagertu eta agertu ez den lehenengo euskal militantea izan da.

Perturren desagerpenaren harira bi hipotesi nagusitu dira. Horietako bat da ETApm erakundeko Bereziak taldeko kideek bahitu eta hil zutela. ‘Bereziak’ taldea ETApm-ko adar militarra zen, eta haien eta Perturren taldearen arteko gatazka muturrera iritsi zen barne desadostasunengatik. Bestea, berriz, estatuko eskuin muturreko kideek, poliziek edo Italiako neofaxistek hil zutela Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta.

Hori dela eta, Perturren inguruko “egia ezagutzea eragozten duten sekretuak" ezagutarazteko eskatu du EH Bilduk. Kasua argitzeko “eman behar diren pauso guztiak eman daitezen” exijitu dute, eta hainbat hamarkadatan senideei “ukatu zaien egia, erreparazioa eta justizia” berma diezaietela. EH Bilduk azaldu du mende erdia igaro dela, baina desagerpena argitu gabe dagoela oraindik, eta haren senideek eta euskal gizartearen gehiengo zabal batek oraindik ezin izan dutela egia osoa ezagutzeko eskubidea baliatu.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista