Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalarik epaitegian deklaratuko dute
Politika
Maite de Felipe eta Gaizka Leitza
Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalarik epaitegian deklaratu beharko dute asteazken honetan. Hain zuzen ere, LAB sindikatuak salatu duenez, atxilotzeko mehatxupean daude. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia eta trafikoaren segurtasunaren aurkako delitua. Lau lagunei babesa eta elkartasuna adierazteko mobilizazioa egin du LABek asteazken honetan Iruñean.
Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, lau kideek mobilizazioan parte hartu zuten 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egiteko, baina “inola ere ez zioten agintaritzari desobeditu eta ez zuten trafikoaren segurtasuna arriskuan jarri”.
Era berean, LABek nabarmendu du “gutxieneko soldata aldarrikatzea ez dela delitua, langileon behar bat baizik”, eta, horregatik, greban parte hartu zuten langileen aurkako errepresaliak eteteko eskatu du, bai isunak bai prozesu judizialak. Ildo horretan, sindikatuak azpimarratu du “errepresioaren eta kriminalizazioaren aurrean, greba eskubidea eta langileon bizi-baldintza duinak defendatzen jarraituko dutela”.

















