Skip to main content

Luberri Konpartsak sinadura bilketari ekin dio Bilboko Konpartsetan parte hartzeko

Politika

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 26 - 14:05
Luberri Konpartsak Bilboko Konpartsen Federakundean parte hartzeko sinadura-bilketa abiatu du, Aste Nagusiaren “izaera herrikoia eta anitza” errespetatuz, parte hartzeko eskubidea onartzeko. Hainbat herri-mugimendutako eragile zein kulturgilek babesa adierazi dietela azaldu dute, Aste Nagusiaren “izaera herrikoi, anitz eta parte-hartzaileari jarraituz”.

Duela hiru urte egin zuten Federakundearen parte izateko eskabidea, baina ezezkoa jaso zuten. Horren aurrean, “hainbat modutan” adierazi dute beren desadostasuna. Hala ere, konpartsaren eguneroko jardunarekin jarraitu dutela azpimarratu dute, eta, beste konpartsekin elkarlanean, jaiak “aberastu” dituztela adierazi dute.

Ezker abertzaleari leporatzen diote Bilboko Aste Nagusian parte hartzeko betoa “sustatu izana”, jaietatik kanpoko “interes politikoak lehenesten dituelako”. Luberriren ustez, jarrera horrekin Bilboko Konpartsen “aniztasunaren oinarria eta izaera parte-hartzailea kolokan” jartzen dute.

Bestalde, 'Bada Garaia' ekimen kulturala martxan jarri dute, Luberriren kasua zein Gasteizko txosnagunean GKSri eta Etxebizitza Sindikatuei jarritako “betoa” salatzeko, haien esanetan, eta haien partaidetza aldarrikatzeko. 'Denontzako jaien alde' lelopean, beto horrekin amaitzea eskatu dute, eta 150 artistak eta musika taldek “konponbidea” eskatzen duen gutuna sinatu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista