Skip to main content

Jazarpen poliziala salatzeko Gasteizko Kutxi kalea hartu dute

Politika

Maite de Felipe Suso eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, Maiatza 15 - 13:05

Jazarpen poliziala salatzeko “Kutxipasa zaratatsua” egin dute Gasteizko Alde Zaharrean ostegun honetan. Gaztetxeak deitutako mobilizaziora ehunka lagun batu dira aurreko ostiraleko gertakariak salatzeko. Izan ere, bi pertsonen arteko liskar baten harira kalez jantzitako polizia batek pistola atera eta apuntatu egin zuen. Hori gutxi ez, eta inguruan zegoen jendearen aurka ere oldartu zen Ertzaintza, iturriek azaldu dutenez, “kotxearekin harrapatzen saiatuz edota jendea bultzatuz eta mehatxatuz”.
Gasteizko Gaztetxeak argi adierazi du “hasiera-hasieratik abusu polizial horien aurrean erantzun kolektiboak ematea beharrezkoa” dela. Era berean, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak “presentzia itogarria” eta “jarrera oldarkor eta txuloa” dituztela ohartarazi dute.

Ez da Ertzaintzak azken egunotan egindako esku-hartze bakarra. Hain zuzen, Errekaleorren asteazken honetan gertatutakoa gogorarazi dute. Errekaleor Auzo Askea proiektuak azaldu duenez, “poliziaren neurrigabeko presentzia” bizi izan zuten asteazkenean. Jakinarazi dutenez, kale egoeran dauden hainbat pertsona auzora hurbildu ziren etxe batean sartzeko asmoz. Errekaleorreko auzokideek proiektura sartzeko bideak azaldu eta eskura izan zitzaketen hainbat baliabide azaldu zizkietela adierazi dute. Auzora hurbildutako pertsonek, berriz, poliziak hara bidali zituela aditzera eman zuten. Bien bitartean, poliziak auzoa hartu eta hainbat lagun identifikatu zituen.

Horiek horrela, gaueko ordu txikietan Ertzaintza auzokideen aurka oldartu zen eta zenbait pertsona zauritu zituen, bati, gainera, buruan zauri larri bat eragin zioten. Jakinarazi dutenez, biktima ospitalean dago, “harrikada batek burezurrean eragindako hainbat hausturarekin”. Errekaleorreko bizilagunek azpimarratu dute poliziak “pertsona zaurgarri hauek instrumentalizatu dituela, auzolagunak arrazistatzat edo hipokritatzat seinalatzeko”. Bide batez, herritarrengandik jasotako elkartasuna goraipatu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista