Skip to main content

Independentziaren eta euskal selekzioaren aldeko aldarriek kaleak bete dituzte

Politika

Maite de Felipe Suso

2026, uzt. 15 - 13:07

Ehunka lagunek euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko giza katea egin dute Hendaia eta Irun artean, zubian barrena ‘Selekzio bat, nazio bat’ aldarria zabalduz. Gure Eskuk, Zazpi Baietzek eta Gu ere baik deitutako ekimen hau Frantziako Festa Nazionalaren egunarekin eta Gizonezkoen Munduko Futbol Kopako Espainiaren eta Frantziaren arteko partidarekin kointziditu du. Horrela, jendetza batu da Hendaia eta Irun arteko zubian euskal selekzioaren ofizialtasunari babesa emateko, denak berdez jantzita, selekzioaren kolorearekin. Deitzaileek nabarmendu dute erakundeek ofizialtasunaren alde “jauzia” eman behar dutela.

EH Bilduk eta EAJk ere babesa eman diote ekimenari. Horrez gain, Euskal Herrian beste hainbat ekimen ere izan dira euskal selekzioaren eta independentziaren alde. Batetik, Iruñean, sanferminen azken egunean, kalejira antifaxista egin dute independentziaren alde. ‘Euskal Herria antifaxista’ lelopean, ehunka lagunek Alde Zaharreko kaleak hartu dituzte. Manifestazioaren buruan ikurrin handi bat zabaldu dute ‘Euskal Herriak erabaki’ leloarekin.

Bestalde, uztailaren 14an, Frantziako Festa Nazionalaren egunean, U14 talde independentistak, urtero bezala, manifestazioa egin du Ezpeletan. 300 lagun baino gehiagok bat egin dute mobilizazioarekin, eta bertan salatu dute “euskara etengabe erasotzen dutela, eta prekarizazioa eta eskuin muturra alternatiba gisa nagusitzen” ari direla. Ildo horretan, “Euskal Herriaren askapena lortu arte borrokan” jarraituko dutela eta “militantziara jauzi egiteko” unea dela azpimarratu dute. Horregatik, “edozein laguntza ongietorria” dela nabarmendu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista