Skip to main content

Greba orokorra LGS propioa erabakitzeko “bidea irekitzen" dagoela adierazi du ELAk

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, mar. 04 - 12:03

Martxoaren 17ko greba orokorraren harira, batzarra antolatu du ELAk astearte honetan Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan 500 militante elkartu dira, eta manifestazioa egin dute Indautxu hoteleraino. Hoteleko langileek lau hilabete daramatzate greba mugagabean, enpresak zerbitzua kanporatu nahi duelako, eta ELAko kideek “elkartasuna” adierazi nahi izan diete mobilizazioaren bidez.
Martxoaren 2tik 11ra bitarte, ELAk 13 eskualde-batzar egingo ditu mobilizazioekin jarraituz, eta guztira 4.000 lagun biltzea aurreikusi dute. Sindikatuak adierazi duenez, ekimen horiek “agerian uzten dute M17ko grebaren prestaketa eta indarra”. Hala, nabarmendu dute deialdia ez dela egun bateko kontua, baizik eta “lanketa sakon” baten emaitza, eta egun horretan “lantokiak hustu eta kaleak jendez betetzea” espero dutela.
Bilboko batzarrean sindikatuak azpimarratu du “greba orokorra bidea irekitzen ari dela EAEn eta Nafarroan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa erabakitzeko”. Sindikatuaren arabera, Madrilgo Diputatuen Kongresuan alderdiekin egindako bileretan “ez da kontrako jarrerarik azaldu”, eta “hurrengo urratsa gehiengo politikoaren babesa lortzea” izango da. Bestalde, Confebaski berriro eskatu diote martxoaren 24an “negoziazio berri bati ekin diezaion”.

Euskal komunitatea elkartzeko, Korrika bultzatu eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista