Skip to main content

Global Sumudek bizi duen egoera salatzeko manifestazioa deitu du

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 20 - 13:05

Global Sumud Euskal Herriak manifestazioa deitu du ostegun honetarako, flotillako kideen bahiketa, lurreko konboiak Libian bizi duen egoera eta Palestinan gertatzen ari den etengabeko sarraskia salatzeko.

Azken egunetan, Global Sumudek egoera “larria” bizi duela adierazi du. Jakinarazi dutenez, astelehenean Israelgo armadak flotillako 54 ontzi eraso zituen. Asteartean, berriz, nabigatzen jarraitzen zuten kideak abordatu eta legez kanpo bahitu zituzten, tiroak ere izan zirela adierazi dute. Bahituen artean bi euskal herritar daude, eta “Palestina okupatuko portu batera” eraman dituztela salatu dute.

Bitartean, lurreko konboia Libiako Armada Nazionalak geldirik dauka Sirten. Negoziazioak eten egin dituzte blokeoaren ondorioz, eta asteartean jakinarazi zutenez, Global Sumudek delegazioa osatu du Sirtera gutun bat eramateko, elkarrizketei bide emateko eta haien eskaerak helarazteko. Era berean, gaitzetsi dute Libiako Armadaren indar erakustaldia, eta salatu dute blokeoak nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak eragiten dituela.

Egoera honen aurrean, ostegunerako manifestazioa deitu dute Gasteizen, 19:15ean, Andre Maria Zuriaren plazan, eta antolatzaileek gonbitea luzatu diete “giza eskubideak defendatzen dituzten guztiei”. Horrez gain, aste honetan, ostiralera arte, eguneroko elkarretaratzeekin jarraituko dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, 08:30etik 14:00etara, Eusko Jaurlaritzak “Israelgo erakunde sionistarekin duen lankidetza” salatzeko eta harreman hori behin betiko eten dezala eskatzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista