Skip to main content

Gasteizko alkateak barkamena eskatu dio Zeledoni txupinazo eguneko diskurtsoaren harira egindako adierazpenengatik

Politika

Maite de Felipe Suso

2026, abu. 11 - 14:08

Gasteizko jaietako txupinazoa jaurti du aurten ere Iñaki Kerejazuk, Zeledonen pertsonaia ordezkatzen duen gazteak. Bere diskurtsoan, Martxoaren 3ko sarraskia gogoratu du Kerejazuk; izan ere, aurten 50 urte bete dira gertakari hartatik.
Bada, haren hitzak ez dira Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen gustukoak izan eta jaiak amaitu orduko egiten den balorazioan, PSEeko alkateak Zeledonen aurka egin du. Haren ustez, “festak ez dira aldarri politikoekin nahastu behar”.

Dena den, handik ordu gutxira Etxebarria esandakoaz “damutu”, eta X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez barkamena eskatu dio Iñaki Kerejazuri. Adierazi duenez, bere adierazpenak “azelerazio politikoak eta nekeak eragindako gaizki-ulertua” izan dira. Gaineratu du ez zuela “egun hartako tragediaren oroimena zikintzeko asmorik”.

Zeledonek txupinazoan esandako hitzez gain, Andra Maria Zuriaren jaietan herritarrek ere gogoratu dute Martxoaren 3ko sarraskia. Hain zuzen, abuztuaren 8an jendetza batu zen Katedral Berriaren atarian hildako bost langileen omenez egindako ekitaldian. Gainera, Martxoak 3 elkarteak banatutako zapi beltzak ere jantzi dituzte.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista