Fiskalak kasazio-errekurtsoa jarriko dio Sorzabal torturatu egin zutela ebatzi zuen epaiari
Politika
Ane Garitaonandia
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Gorenean Iratxe Sorzabal euskal presoa torturatua izan zela ebazten zuen epaiari. Errekurtsoa aurkezteko argudioen artean aipatu du epaileak ez duela aintzat hartzen froga gisa Sorzabalek ETAri igorritako gutuna.
Iratxe Sorzabal 1995eko Iruneko atentatu batekin lotuta epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiak ebatzi zuen "tratu gizagabea" eman ziotela 2001ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean, eta, beraz, han esandakoak balio juridikorik ez zuela argudiatuta, absolbitu egin zuten. Izan ere, epaian jasotzen denez, inkomunikazio aldian elektrodo bidezko tratu gizagabeak jasan zituen, eta auzi-medikuaren txostenetan oinarrituta, Auzitegi Nazionalak tortura horiek egiaztatu zituen. Sorzabalek berak, epailearen aurrean deklaratzean, inkomunikazioan esandako guztiak ukatu zituen, torturapean egindako adierazpenak zirelako.
Fiskaltzak, ordea, erabaki hori kolokan jarri du, eta kasazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Gorenean. Fiskalaren ustez, gutun hori Sorzabalek borondatez idatzi zuen eta froga baliozkoa da; epaileak ez omen du frogatu nahikoa lotura dagoenik torturapean egindako deklarazioen eta gutunaren artean. Hortaz, fiskalak salatu du epaiak baieztapen horiek oinarri juridikorik gabe egiten dituela, eta absoluzio hori baliogabetzea eskatu du.