Euskal gizartean bizikidetza arazorik ez dagoela berretsi du GEBehatokiak
Politika
Uxue Garro Irastorza
Euskal gizartean “erro soziopolitikoko gertakarien ondorioz” suertatutako bizikidetza arazorik ez dagoela baieztatu du Giza Eskubideen Behatokiak. Udan zehar jazotako festa eta ekimenen kontestuan, indarkeriaz baliatutako aldarrikapenak garatu dituen “estrategia politikorik” ez dagoela berretsi du entitateak eta, hortaz, ez dela “bizikidetzaren aurkako mehatxurik” ageri.
Behatokiak hala Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azken hilabeteotan gaiaren inguruan egindako hainbat adierazpenei egin nahi izan die erreferentzia, sailburuaren hitzak aldatuz joan badira ere, hein batean. Izan ere, maiatzaren amaieran Zupiriak “bizikidetza arazoa” zegoela eta euskal gizartearen sektore batek segurtasun indarren aurka duen jarrera gaitzetsi zituen Eusko Legebiltzarrean.
Aste honetan, ordea, Bilboko Aste Nagusia amaitu izanaren biharamunean, “uda lasaia” izan dela adierazi du, eta Ertzaintzarekin izandako hainbat istiluri ez litzaiekeela “duten garrantzia baino gehiago eman behar”.
Egoera honen aurrean, Behatokiak bere poza azpimarratu du eta Segurtasun sailburuaren azken adierazpenak uda hasieran aurkeztutako “agertoki katastrofistari egindako autozuzenketa” direla ondorioztatu du.
Euskal gizartea “iraganeko logikak gainditzeko” ahalegin “handia” egiten ari dela gogorarazi du giza eskubideen entitateak eta beraz, aurretiazko garaietan jarraitzearen ideia “faltsua” izateaz gain, aurrera eramaniko esfortzu horiei “pitxer bat ur hotz botatzea” litzatekeela.
Egungo datuek euskal gizartea inoiz izandako giro sozial onenean dagoela diotela plazaratu du Behatokiak. Hortaz probestuz, baieztatu du XXI. mendeko segurtasunaren euskal ereduak “adostasun zabalaren emaitza” behar duela izan. Hori lortzeko, “eztabaida lasaia” beharrezkoa dela gogoratu du eta aktore politikoak sortutako eszenaz baliatzea espero du taldeak.

















