Ertzain eta udaltzain izateko LEP azterketara aurkeztu diren %90ek ez dute gainditu
Politika
Aiora Sillero
Ertzain edo udaltzain izateko egin den azken lan eskaintza publiko bateratura aurkeztu diren hautagaien %90ak ez du froga gainditu. Lehenengo aldia da eskainitako lanpostuak azterketa gainditu duten pertsonak baino gehiago izan direla.
Guztira 3.609 pertsona aurkeztu ziren eskaintzen ziren 650 lanpostuak betetzeko. Alabaina, mila pertsona inguru ez ziren agertu eta bakarrik 308k gainditu dituzte proba teoriko eta psikoteknikoa. Hala ere, gaindituen kopurua ez da behin betikoa, izan ere, oraindik proba fisikoak, azterketa medikoa eta elkarrizketa pertsonala falta zaie. Lan eskaintza publiko bateratu honetan 473 lanpostu Ertzaintzarako ziren eta gainerako 177ak Euskal Autonomia Erkidegoan udaltzain izateko.
Sindikatuek oraingo honetan psikoteknikoan egon diren aldaketei eta hura egiteko eman den denbora murrizketari egotzi dizkiete hautagaien suspentsoak. Bestalde, hautagai asko prestakuntzarik gabe aurkeztu direla azpimarratu dute. Bingen Zupiriak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan aditzera eman du balitekeela batzuek azterketetarako ikasi ez izana edo azterketa eredu bakarra prestatu izana. Datozen 30 urteetarako agenteak prestatuko direla orain eta exijenteak izango direla berretsi du.
Gainditu kopuru eskasa dela eta Segurtasun Sailak polizia sindikatuekin batera lan eskaintza publiko bateratu berri bat egitea erabaki du, esandakoaren arabera uda ostean izango da.