Errenteriako LEParen auziko abokatua, beste lau kasutan ere
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Errenteriako LEParen kontrako helegitea aurkeztu zuen “doako abokatua” beste hainbat kasutan inplikatua egon dela jakinarazi du ‘Argia’-k. Hedabideak aferari buruzko ikerketan sakontzen jarraitu du, eta euskararen aurkako oldarraldiarekin lotura duten beste lau hizkuntza-eskakizunen kontrako helegite eskuratu ditu. Lau kasu horiek “kointzidentzia” esanguratsu bat dute: helegitea aurkeztu duen abokatua bera da, Emilio José Aparicio Santamaria, Bilboko ‘Aparicio y Durana Abogados’ bulegoko bazkidea.
Hala ere, ‘Argia’-ren ren arabera, abokatuaz gain, demandatzaileek ere badute garrantzia. Ikerketak lau kasuetatik hirutan nor izan den identifikatu ahal izan du. Bi izen agertu dira: Andoni Basterra Urrutia eta Irkus Larrinaga San Felices; azken honek bi kasutan aurkeztu du helegitea. Hedabideak ondorioztatu duenez, Basterra CCOO sindikatuko eta Euskara Denontzat plataformako kide izan da, ikerketan aipatzen den Sabin Zubiri baita. Bestalde, Zubirik eta bi demandatzaileek ezaugarri komuna dute: IU edo Ezker Anitzako kide izan dira.
Errenteriako LEParen auziari dagokionez, Aizpea Otaegi alkateak udalaren jarrera berretsi du prentsaurreko batean. Bere esanetan, argitaratutako informazioek agerian uzten dute “helegiteak bestelako motibazioak dituela” eta “kezka ez dela bitarteko udal langileen edo izandakoen lan egoera ere”. Horren aurrean, adierazi du udalak “bitarteko guztiak” erabiliko dituela hizkuntza-eskakizunak bere horretan mantentzeko.

